Ekainean hasi da Punta Begoña galeriak berreskuratzeko orain arte egin diren obren faserik handiena, eta Getxoko itsas frontearen irudia eta Bilborako itsas sarrera nagusia aldaraziko ditu. Esku-hartzeak Ricardo Bastidak duela mende bat pentsatutako bi pabiloien gainean dihardu: Horacio Echevarrieta enpresaburu eta handikiaren ordezkaritza-aretoan, non herrialdearen bilakaera markatuko zuten akordioak itxiko baitziren, eta hego-mendebaldeko pabiloian, familiaren aisialdirako eta gozamenerako den horretan, Abrako badiaren aurrean. Leku sinboliko horiei galdu duten funtzionaltasuna itzuli nahi zaie, eta, oraingoan, Getxoko biztanleei zabalik dagoen erabilera eman nahi zaie.

Bi pabiloiak bizitzaz betetzea eta fatxaden distira berreskuratzea

"Prozesu honen emaitza Aretoa jarduera soziokultural, sortzaile eta berritzaileetarako topagune gisa erabiltzea finkatzea izango da eta, aldi berean, herritarrentzat espazio berri bat irekitzea hego-mendebaldeko galerian. Galeria hau orain arte jendearentzat itxita egon da segurtasun-arrazoiengatik, baina esparru historiko honen "puntan" duen kokapen estrategikoagatik hirian erakusketak egiteko erakusleiho paregabea bihurtuko da", adierazi du gaur prentsaurrekoan Amaia Agirre alkateak.

Proiektuan jasotzen diren jarduketek egituraren zatirik kaltetuenak finkatuko dituzte eta terrazetan esku hartuko dute ura sar ez dadin, hori baita monumentuaren degradazioaren arrazoi nagusia. Baina arretagunea fatxadetan jartzen da, eta fatxadak leheneratzeak kostaldeko paisaia goitik behera eraldatuko du, ondare-ondasun baten distira galdua berreskuratuz, urteetan zehar eszenografia iluna izan baita inguru horretan paseatzen ibili denarentzat.

Galerien balio ukaezin eta aintzatetsiak zaharberritze-prozesu zehatza ekarri du, Euskal Herriko Unibertsitatetik egin den diziplinarteko ikerketan lortutako emaitzekin eta UNESCOk ondarearen gaineko esku-hartze zorrotza eta sozialki errentagarria garatzeko zehaztutako nazioarteko irizpideekin bat etorriz.

Dibulgaziorako tresna

Hori dela eta, esku-hartzeak irauten duen urtean zehar monumentua zaharberritzeko prozesuaren konplexutasuna bertatik bertara ezagutzeko aukera izatea aurreikusi da, obra bera herritarrentzat eskuragarri izango den dibulgazio-tresna eta hezkuntza-tresna bilakaraziz. "Obretan eta irekita" ereduari jarraipena emateko, Eusko Jaurlaritza Euskadirentzat ekimen kultural eta sortzaile estrategikoetako bat dela aitortu baitzuen, Punta Begoña Fundazioa arduratuko da obra zuzentzeaz eta balioesteaz, Getxoko ondarearen alde egingo duen lehen jardueran.

Ildo horretan, Maria Peraita Fundazioko zuzendari gerenteak aurreratu duenez, "esku-hartzeak iraungo duen urtean zehar, bere balio didaktikoak aprobetxatuko dira, jarduera guztientzako eskuragarri dagoen dibulgazio-esperientzia bihurtzeko. Horrela, osasun-egoerak aukera ematen duen heinean, obra bisita gidatuekin, doktorego-praktikekin, prestakuntza-tailerrekin edo kultura- eta sormen-ekitaldiekin egokituko da, eta monumentua erabiliko da prozesua amaitu arte itxaron gabe".

Bost arkitektura-taldek parte hartu zuten proiektuan, eta Euskal Herriko Unibertsitateak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Ondare Zerbitzuak gainbegiratu zuten. Proiektuak "ahalik eta esku-hartze txikiena egiten du eraikinean, eta ahalik eta errespeturik handiena bermatzen die jatorrian erabilitako espazio, material eta teknikei. Aldi berean, teknologiarik berriena erabiltzen du monumentuaren eta ingurumenaren gaineko eragina murrizteko. Horren erakusgarri da izotz lehorrarekin fatxada garbitzeko erabiliko den metodoa; teknika horrek jatorrizko materialarekin zerikusirik ez duten elementuak ekartzea saihesten du, hondakinik sortzen ez duen bitartean", azaldu du Peraitak.

Jarduteko eredua irekia, gizartearekin konprometitua eta zehatza denez, Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioaren konfiantza jaso du, obraren zatirik handiena Kulturaren %1,5eko programaren bidez finantzatzen baitu, bai eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren konfiantza ere, esku-hartzearen beraren balioak hedatzeko jardueretan laguntzen baitu. Getxoko Udalak, exekuzioaren sustatzaileak, inbertsioa osatu du, udalerriko eta Euskadiko herritarren zerbitzura dagoen erakundeen arteko koordinazio-erronka honetan.