GETXO. Koronabirusaren pandemiak kalte ekonomiko handiak eragin ditu sektore ia guztietan, baina batez ere ostalaritzan. Hori dela eta, krisialdiari nolabaiteko irtenbidea bilatzeko asmoz, Getxoko Udalak ostalaritzari, lokal berriei eta taxiei ordenantza fiskala aldatzea erabaki du. Hala, terrazak jartzeagatiko tasa eta taxi geralekuen tasa ez dira ordainduko.

Horrez gain, ostalaritzak % 95eko hobaria izango du zaborren tasan, eta % 50 murriztuko da jarduera eta instalazioen zerbitzuak jasotzeko eta establezimendua irekitzeko tasa. Hala, kontzeptu horiei dagozkien 286.300 euroak ez dira jasoko.

Udal gobernuak honako hau azpimarratu du: “Mugikortasunari ezarritako mugek eta itxiera sektorialek gehien kaltetu dituzten sektore ekonomikoei zergak arintzeko neurriak dira. Gainera, Getxo Ekinez 2021 programan jasotako neurri hauen eta beste batzuen bidez, Getxon jarduera ekonomikora bideratutako lokal berriak ireki eta ezartzea erraztu nahi dugu. Zergei lotutako neurri hauez gain, lehenago onetsitakoak ere hor daude. Denera, 2021. urterako 285.000€ dira, ekonomia sustatzera bideratutako 27 ekintzen 5 milioi euro (gutxi gora-behera) horiei batu behar zaizkienak.

Alderdi guztiek nabarmendu dute Getxo Ekinez 2021 planean jasotako konpromisoak eta akordioa, guztien adostasunez sinatu zena, oposizioko taldeak kritiko ere agertu diren arren. PPk nahiz Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk aipatu dute neurriak berandu iritsi direla eta ez direla nahikoa oraingo egoera konpontzeko. Adierazi dute neurri horietako asko hilabete batzuk direla eskatu zituela oposizioak, eta beharrezkoa dela ekoizpen sektoreak, beharrizan gehien dituztenak eta pandemiak gehien kaltetutakoak laguntzeko lanean jarraitzea eta neurri gehiago eskatzea. Udal gobernuak azpimarratu du pandemiak lehen egin osteko lehenengo egunetik lan egin duela, eta hala egiten jarraituko duela, Getxon kalte gehien pairatu dituzten sektoreak babesteko. Adierazi du, halaber, Getxo Ekinez planean jasotako 13 milioiko zenbatekoa hasieran aurreikusiaren bikoitza dela.

TAO ETA ORDAINSARIAK

Bestalde, onetsi da espedientea abiatzea lurgainean ibilgailuak araututa aparkatzeko zerbitzuaren (TAO) emakida adjudikatzeko, lau urtez. Oraingo kontratua irailaren 30ean amaituko da, eta araututako eremuak 2022an hasiko dira funtzionatzen (1. eremua.- Algorta, 2. eremua.- Areeta, 3. eremua.- Santa Ana, eta 4. eremua.- Romo); izan ere, hiru hilabeteko egokitze aldia egongo da parkimetroak jartzeko, seinaleztatzeko, margotzeko, etab.

Orain bezala 1.400 aparkaleku izatetik, urte guztirako 3.875 aparkaleku izatera pasako da (gehi 521 5. eremuan). Ordutegia honako hau izango da: 09:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, astelehenetik ostiralera (larunbatetan, soilik goizez), salbu eta Ereaga-Portu Zaharra eremuan. Leku horretan ordutegia 10:00etatik 20:00etara izango da, astelehenetik ostiralera.

Nobedade gisa, ibilgailu elektrikoak jarriko dira zaintzarako eta kontrolerako, eta langileek patinete elektrikoekin egin ahal izango dute ikuskapena.

Eztabaidan, aurkako botoa eman duen PPk honakoa egotzi dio gobernuari: “Soilik dirua batzeko helburua duen TAO ezarri nahi izatea; izan ere, aparkatzeko baldintzak hobetzeari baino garrantzia handiagoa ematen zaio zaintzeko eta zigortzeko bitartekoak jartzeari”. EH Bilduk ere aurka bozkatu du, besteak beste, honako arrazoi honengatik: “Kontratuak ez du bermatzen TAOko langileek euskaraz jakitea, eta soldata masaren areagotze ez da udaleko langileenaren antzekoa, horiek ere udal langileak diren arren”. Elkarrekin Podemos abstenitu egin da, eta onartu du beren iradokizun batzuk aintzat hartu direla; dena den, nabarmendu du “aparkalekuen arazoari buruzko azterketa sakonagoa” espero zuela: “Esate baterako, San Nikolas aparkalekurako irtenbideak jasoko zituena. Espero dugu hiriko erdiguneetan ibilgailu kopurua gutxitzea eta merkataritzarentzako onuragarria izatea”. Udal gobernuak honako hau gogorarazi du: “TAOren proposamen berria planteamendu tekniko baten eta prozedura baten emaitza izan da: alderdiekin parketaktu zen, hiru eszenariotan erakutsi zen eta herritarren ekarpenak jaso ziren”.

Bestalde, osoko bilkuran guztien adostasunarekin onetsi da urte honetarako udaleko langileen ordainsariak %0,9 igotzea.

MOZIOAK

Mozioen kapituluan, testigantza izaerarekin, lau onetsi dira. PPk autokarabanen turismoa bultzatzeko (aparkatzeko gune bat gaituko delarik) proposamena aurrera atera du. Dena den, udal gobernuak gogorarazi du Hiri Antolamenduko Plan Orokorra berrikusten ari direla. Bada, plan horretan neurriak artikulatu behar dira jarduera hori ahalik eta modu antolatuenean eta egokienean gauza dadin.

Gainera, jai herrikoien ereduari aitortza eman eta horien balioa nabarmentzeko EH Bilduren mozio bati ere oniritzia eman zaio. Helburua da auzoetako jai batzordeen lana eta konpromisoa ikusaraztea eta horien independentzia eta identitatea azpimarratzea. Horrez gain, festen antolaketari laguntzeko 2019. urtean zegoen aurrekontua berreskuratuko da 2022an, eta aipatutako jai batzordeei ez zaie eskumen bat bera ere kenduko. Udal gobernuak adierazi du beti aritu izan dela lankidetzan jai batzordeekin, eta hala egiten jarraituko duela. Bada, nahiz eta aurten ez den egongo jairik ohiko estiloan, “Aste Kulturala” antolatu da aurrez aipatutako Getxo Ekinez programaren baitan.

Halaber, EH-Bildu eta Elkarrekin Podemosen mozio bateratua onartu da, Etxerat-en eskaera bere eginez, zera adierazteko: "Udalak aitortu egiten du Antxoni Hernandezen familiak jasandako sufrimendua, duela 23 urte trafiko-istripu batean hil baitzen, urruntze-politikaren testuinguruan, Alcalako espetxean zegoen preso bat bisitatzera zihoanean"; eta, halaber, urruntze-politikarekin ados ez daudela eta espetxe-politika berri baten alde daudela agertu dute.

Azkenik, Elkarrekin Podemosen proposamen bat onartu da, karbono dioxidoa neurtzeko gailuak eskuratzeko eta, beharrezkoa balitz, aireztatzeko edo airea garbitzeko ekipoak ere bai, eraikin publikoetan erabiltzeko (bereziki Getxoko ikastetxe publikoetako ikasgeletan). Airearen bidez Covid-19a kutsatzeko aukerak murrizteko tresna osagarriak izango lirateke.