GETXO. Getxoko Udaltzaingoak 157 zigor-espediente ireki egin ditu asteburu honetan koronabirusari aurre egiteko araudia ez betetzeagatik. Horietatik 111 larunbatean jarri ziren, Athleticek Kopako finala jokatu zuen egunean.

Larunbateko operatibo berezia 12:00etan hasi zen, eta poliziak oinez ibili ziren zaintza lanak egiten kontzentrazioak egin zitezkeen guneetan eta, beraz, covid-19arengatik ezarritako osasun-neurrien aurkako jarrerak izan zitezkeen eremuetan. Horrela, auzo jendetsuenetako ostalaritza-lokaletatik hurbil dauden zonetan, parkeen inguruetan eta beste zona jendetsu batzuetan zenbait pilaketa saihestu ziren. Horri guztiari esker, jardunaldia inolako istilurik gabe igaro zen. Arau-hausterik ugariena lau pertsonatik gorako taldeena izan zen (30 espediente), ondoren ordutegia ez betetzeagatik (22) eta bide publikoan alkohola edateagatik (21 zigor).

Bestalde, joan den asteburuko gainerako jardunaldietan 46 espediente gehiago egin dira, eta atzo goizean Ereagan ireki ziren 21 espedienteak nabarmendu behar dira, Getxoko perimetro-itxiera bete ez zuten pertsonak zirela eta. Asteburu osoan zehar egindako gainerako zehapen-proposamenak honako hauek izan ziren: ostalaritzarako ezarritako neurriak ez errespetatzea (16), maskara ez erabiltzea (13), eta beste gai batzuk, hala nola itxiera perimetrala eta mugikortasun-ordutegia ez errespetatzea, bide publikoan alkohola kontsumitzea edo erretzea segurtasun-distantzia errespetatu gabe.

Udalak berriro eskatu du erantzukizun indibidualeko eta kolektiboko jarrerak izatea eta gogorarazi du, beste behin ere, ezarritako oinarrizko babes-neurri sanitarioak bete behar direla: maskara nahitaez erabiltzea, eskuak maiz garbitzea, pertsonen arteko segurtasun-tartea mantentzea, gaueko ordutegian pertsonen zirkulazio-askatasunaren muga errespetatzea (22:00etatik 06:00etara), burbuila soziala babestea (4 pertsona gehienez) eta itxitura perimetarala errespetatzea, besteak beste.