GETXO. Eusko Jaurlaritzak martxan jarri du Getxoko Iturribarri auzoan babes sozialeko 91 etxebizitza alokairuan esleitzeko prozeduran parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea. Epea zabalik egongo da bihartik, apirilak 13, hasita apirilaren 26ra arte.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) gaur argitaratu denez, 91 etxebizitzetatik hiru logelako lau, 98,25 eta 120,00 m2 arteko azalera dutenak, mugikortasun urri iraunkorra duten pertsonentzat egokituta daude. Gainontzeko 87 etxebizitzetatik, 16 logela bakarrekoak eta 36,73 eta 52,48 m2 artekoak dira; 54 etxebizitza bi logelakoak dira, 54,90 eta 69,93 m2 artekoak; 16 etxebizitza hiru logelakoak dira, 78,68 eta 89,98 m2 artekoak; eta etxebizitza bat lau logelakoa da, 100,38 m2-ko azalera duena.

BALDINTZAK

Esleipen prozedura honetan hurrengo baldintzak betetzen dituztenek parte hartu dezakete:

  • Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan-Etxebiden alokairuko eska­tzaile gisa Getxoko udalerrirako altan daudenek edo Bilbao Metropolitarreko eremu funtzionaleko udalerri baterako.
  • Agindu hau argitaratzen den egunean Getxoko udalerrian erroldatuta egon behar da gutxie­nez bizikidetza unitateko titularretako bat eta egiaztatu beharko du gutxienez Getxon azken 3 urteak egin dituela erroldatuta etenik gabe, edo, bestela, azken 10 urteetan, tarteka, 5 urte egon dela erroldatuta.
  • 2019. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak 3.000 euro baino txikiagoak ez direla eta 25.000 euro baino handiagoak ez direla egiaztatzea eskatzen da. Mugikortasun murriztuko desgai­tasuna duten pertsonek, desgaitasun psikikoa dutenek edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek ez dute gutxieneko diru-sarrerarik egiaztatu beharko, ez eta etxebizitza bat izateko eskubide subjektiborako eskubidea onartuta dutenek ere.
  • Etxebizitza jabetzan, azalera eskubidean edo gozamenean ez eduki izana agindu hau argi­taratzen den eguneko aurreko bi urteetan. Dena dela, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduko 9. artikuluan jasotako etxebizitza premiaren baldin­tzaren salbuespenak kontuan izango dira.