GETXO. Udalerriko merkataritzan erabilera sustatzeko kanpaina berri bat jarriko du martxan Getxok, 'Kaishop!' izenekoa. Kanpainak 'Kaishop!, zer gura dozu? Erosi euskaraz Getxon' leloa eramango du.

Kanpaina aurreko bi urteotan Alkarbide, Euskara Zerbitzuen bilgunearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin jarri zen abian. “Herriko establezimenduei bultzada emateaz gain, euskarak tokiko jardueran duen garrantzia aitortu nahi da, euskara kalitatezko gehigarri gisa ulertuta, tratu pertsonal hurbilean, kalitatezko produktuak udalerrian erosi ahal izatea ekartzeaz gain.

Izan ere, Kaishop, kontsumitzaileen kontzientzian eragiteko jaio zen, multinazional askok burutzen duten kontsumo masiboari eta online plataformek gure herriko dendetan duten inpaktuari buruzko hausnarketa ere bideratu nahi duelako, inoiz baino gehiago behar dituztelako dendek eta tabernek haien bezeroak. Horregatik, dendak eta tabernak, eta euskaraz artatuak izan nahi duten getxotarrak harremanetan jarri nahi ditugu. Gainera, gazteengana joko dugu bereziki, etorkizunerako oso garrantzitsuak direla uste dugulako”, nabarmendu du Irantzu Uriarte, Euskara zinegotziak.

Une honetan Getxon 25.000 bat lagunek erabil dezakete euskara eta 235 establezimendu baino gehiago dira ELS, Euskararen Laguna Saltokien sareko kide, herritarrei bere egunerokotasunean euskara erabiltzeko gonbidatzen dituena. Horiek udal webgunean dagoen mapan ikus daitezke.

JARDUERAK

Lehenengo jarduera, Kaishop Getxo Tik-Tok lehiaketa izango da, pertsona gazteentzat, online edo saltoki handietan erosi ohi dutenak izanda, tokiko merkataritza erakartze aldera. Horretarako, erronka bat proposatzen zaie gazteei, hain zuzen ere, Euskararen Laguna Saltokien sareko hainbat kidek, letra eta koreografiarekin, prestatutako eta sare sozialetan zabaldutako bideoa imitatzea (Tik-Tok, Reels edo antzekoa aplikazioa erabiliz) eta horixe sare sozialetan partekatzea @Kaishopeus etiketatuz #ErosiEuskarazGetxon traola erabiliz.

Gazteek bakarka edo taldeka hartu ahal izango dute parte lehiaketan, datorren apirilaren 18ra arte. Lan onenentzat 100€ko 3 txartel banatuko dira, Euskararen Laguna Saltokien sareko dendetan gastatzeko. Saltoki bakoiztean gehienez 50€ gastatu ahal izango dute. Lehiaketaren oinarriak https://www.getxo.eus/eu/euskara/noticias/340 web gunean daude ikusgai.

Bestalde, apirilaren 19tik maiatzaren 2ra, Erosi euskaraz Getxon lelopean, Euskararen Laguna Saltokien sareko kideak animatuko dituzte Euskaraldiaren rolak berriz hartzeko eta hori txaparen bidez agerian erakusteko. Horrekin, herritarrak euskaraz erostera animatu nahi ditu Udalak, eta euskaraz erosten duten bezeroei oihalezko poltsa bat oparituko diete dendariek. 2.000 bat poltsa banatuko dira.

Azkenik, maiatzaren 6tik 16ra, gimkana bat egingo da Euskararen Lagun diren saltokiak ezagutze aldera. Joko horretan parte-hartzaileak ELS sareko establezimenduetatik pasatu beharko dira eta ibilbide batzuk osatu beharko dituzte, hainbat froga eginez. Parte hartzaileen artean sariak zozketatuko dira.