GETXO. Getxoko herritarrek 2020ko aurrekontuetan parte hartu ahal izango dute haste honetatik aurrera. Udalak prozesu parte-hartzaileen lehenengo faseari hasiera emango dio ostegun honetan, otsailak 26, eta martxoaren 24ra arte egongo da zabalik. 2017tik finkatuta dagoen prozesu honi esker, herritarrek erraz eta argi egin ditzakete ekarpenak.

Getxoko alkatea Amaia Agirrek gogorarazi duenez, "tresna garrantzitsua da udal kudeaketarako, Getxon bizitzeko, lan egiteko eta gozatzeko herritarrek dituzten ideiak eta proposamenak gehitzeko aukera ematen baitigu. Gobernu talde honek gardentasunaren eta herritarren parte-hartzearen aldeko apustu garbia egiten du eta, haien ekarpenekin, eguneroko bizitzan eragina duten oinarrizko beharrei erantzuten saiatzen gara, getxotar guztiei ongizate maila indibidual eta kolektibo hobeak lortzen lagunduko dieten bizi-baldintzak ahalbidetuz.”

Aurrekoetan bezala, getxotarrek udal-eskumenekoak diren eta lurralde-oreka bermatzen duten proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte; halaber, udalerri osoarentzat interes orokorrekoak direnak; 2022ko aurrekontu-ekitaldian osorik finantzatzekoak; denbora egokian egin ahal izatekoak; iraunkorrak direnak, baliabide teknikoei, juridikoei, ekonomikoei eta giza baliabideei dagokienez; dagoeneko onartuta edo hasita dauden beste programa, proiektu edo partaidetza-prozesu batzuen bidez gauzatu (edo gauzatuko) ez direnak, eta eduki ilegal, difamatzaile edo diskriminatzailerik ez dutenak.

PROZEDURA

Ainhoa Galduroz Herritarren Partaidetza zinegotziak gogorarazi duenez, proposamenak Getxon erroldatuta dagoen 16 urtetik gorako edozein pertsonak aurkez ditzake; Getxoko Udalaren Erakundeen Erregistroan inskribatuta dagoen edozein erakundek eta edozein elkartek, fundaziok, sindikatuk, enpresen elkartek, elkargo profesionalek, zuzenbide publikoko korporaziok edo beste era bateko erakundeek, antolamendu juridikoan ezarri denarekin bat etorriz, nortasun juridikoa badute eta euren sozietate-egoitza edo establezimendu iraunkorra Getxon badago.

Proposamenak aurrez aurre (postontzietan Getxoberrirekin batera banatutako formularioen bidez) eta online jasotzeko ezarritako bideak honako hauek dira:

  1. Udalaren webgunean gaitutako formulario digitala betez.
  2. Eskaneatutako formularioa hona bidaliz: gobernuirekia@getxo.eus
  3. Inprimakia paperean bete eta Algortako (Torrene) eta Areeta-Erromoko (Ogoño) Herritarrentzako Arreta Bulegoetan; Fadura eta Gobelako kiroldegietan; Romo Kultur Etxean, Villamonteko Algortako Kultur Aretoan eta San Nikolas liburutegian jarritako hautestontzietan utzi.
  4. Paperezko inprimakia betez eta Algorta, Areeta eta Bidezabaleko geltokien inguruan eta Andra Mari kiroldegiaren kanpoaldean horretarako prestatutako postontzietan utziz.

Proposamenak aurkezteko epea 2021eko otsailaren 25etik martxoaren 14ra da. Ondoren, Udaleko zerbitzu teknikoek aztertuko dute herritarrek aurkeztutako proposamenen bideragarritasun ekonomikoa zein teknikoa. Baldintzak betetzen dituzten proposamenak proiektu bilakatuko dira.

Udalak jakinaraziko du hautatutako proiektuen behin betiko zerrenda eta, bigarren fasean, Getxoko bizilagunek lehenetsiko dituzte proiektuak. Behin prozesua amaituta, herritarrentzako itzultze-txostena idatziko da eta bertan justifikatuko dira hartutako proposamenak eta erabakiak.