GETXO. Asteartean arratsaldean, urtarrilak 12, Amaia Agirre alkateak Getxo Sasoi Sasoian XIV. edizioaren sariak banatu zituen Getxoko udaletxean. Oraingo honetan, Virginia Díaz arraunlariak eta Jon Ander Garrido futbolariak 2020 kirolari onenaren saria jaso zuten.

Amaia Agirre alkateak sarituek zailtasunei aurre egiteko eta erronkak gainditzeko duten gaitasuna nabarmendu zuen. “2020, beraz, urte zaila izan da kirolaren munduarentzat ere. Baina gaur merezimenduz sarituko ditugunen ezaugarri bat zoritxarrei aurre egiteko gaitasuna da; baita erronkak gainditu eta proposatzen den horretan bikaintasuna bilatzeko ere”, esan zuen.

Ekitaldian, honako hauek ere jaso zuten saria, 2020an lortutako kirol-merezimenduengatik: Naroa Ruiz patinatzaileak eta Alain Flores atletak, emakumezko eta gizonezko promesa onenak; Raspas del Embarcadero arraun elkarteak, emakumezkoen eta gizonezkoen talde senior eta junior onenak; eta Getxo Errugbia taldeko gizonezko senior taldea, hurrenez hurren.

Aixerrotako errota bana eman zitzaien guztiei. Virginia Díaz ezin izan zen ekitaldira joan Espainiako selekzioarekin Banyolesen baitago kontzentratuta, eta bere izenean Raspas Arrauneko entrenatzaile Marcos Moralesek hartu zuen saria. Jon Ander Garrido ere ez zen etorri Cádizen bizi baita eta Xabier anaiak jaso zuen garaikurra. Ekitaldian izan zirenak, ordea, Naroa Ruiz patinatzailea (GiraGetxo Irristaketa Kluba) eta Alain Flores atleta (Berango Atletismo Taldea), Raspas Arrauneko neska eta mutilen senior eta junior taldearen (Ondiz Lekubarri eta Maialen Mielgo eta Aimar Astigarraga eta Nahim Hakoury arraunlariak) eta Getxo Errugbiko lehen taldearen (Iñigo Lugarezaresti kapitaina eta Alberto Zubeldia presidentea) ordezkari txiki batekin batera.