GETXO. Urtero bezala, hemen da 'Neguko bidaia' kontzertuen zikloaren edizio berri bat. Hala, urtarrilaren 23tik otsailaren 27ra, ikusleek mota guztietako musikaz gozatu ahal izango dute Areetako Andrés Isasi Musika Eskolan.

Aurreko urteetan bezala, zikloak askotariko musika-estiloak (jazza, musika klasikoa, boogie & swing, mariatxia, flamenkoa) hurbilduko dizkie zaleei, euskal eszenako artista eta taldeek protagonismo berezia izanik. Ohi denez, emanaldiak bukatzean, artistek solasaldi batean parte hartuko dute publikoarekin. Oraingoan, osasun-krisiak eragindako edukiera murrizketak direla eta, kontzertu bakoitzaren bi emanaldi izango dira: lehena 18:15ean eta bigarrena 20:00etan. Kontzertu bakoitzerako sarreraren prezioa 5 eurokoa da.

Lehen kontzertua, larunbatean, urtarrilaren 23an, "Marmara Musik" jazz taldearena izango da. 2001ean Bizkaian sortutako musikari-talde honek zenbait talde batzen ditu Jazz tradizionala, New Orleans eta Swing estiloko errepertorioan oinarrituz, edozein musika eskari edo beharrizani erantzunez: kontzertuak, kaleko animazioak, ekitaldietarako musika-laguntza eta abar. Getxon honakoak arituko dira: Esteban Valcarcel (tronpeta), Jon Etxeandia (klarinetea eta ahotsa), Dani Lara (tronboia eta ahotsa), Oscar Andollo (bateria), Aitor Mujika (gitarra) eta Ander Lozano (tuba).

Hurrengo kontzertuak ondorengo hauek izango dira: urtarrilak 30, Mario Lerena (piano erromantikoa); otsailak 6, Botxo Boogies (Boogie & Swing); otsailak 13, Los parranderos de México (mariatxia); otsailak 20, Esther Crisol (flamenkoa) eta otsailak 27, Cuarteto Ilustración (klasikoa, gitarrak eta hariak).