GETXO. Datorren ostiraletik aurrera, hilak 25, diseinuaren eta sormenaren arloan ospetsua den Serifalaris jaialdia ospatuko da Getxon. Aurten ekimen honen bederatzigarren edizioa egingo da eta urriaren 3ra arte iraungo du.

Topaketa hau "Marina Goñi" eta "Freskue" (Peio Atxalandabaso) estudioek antolatu dute, Udalaren laguntzarekin eta "ES DESIGN-Bartzelonako Goi Mailako Diseinu Eskola", "EIDE-Euskal Diseinua", "Estudios Durero", "Guuk", "Espacios a_erre Design", "Am Libros de Diseño Gráfico y Comunicación", "Marc Vilarnau" eta "Gráffica" kolaboratzaileekin.

Antolatzaileek adierazi dutenez, "aurten koronabirusaren krisiak ezarritako mugak diseinu jaialdi bat inoiz ikusi ez den formatuan antolatzeko aukera bihurtu dugu. Horrela, Serifalarisen IX.ak sormenaren, asmamenaren eta esklusibotasunaren aldeko apustua egingo du, "Autocine Getxo" (ponentziak) eta "Azkorri beach house" (Masterclass) bilguneetan."

EGITARAUA

Ostiralean, irailak 25, 18:00etatik aurrera, "Getxo Autocine"ak sektoreko lehen mailako profesionalen hitzaldiak hartuko ditu, hala nola Oscar Mariné (Diseinu Sari Nazionala), Coco Dávez (Forbes 30 Under 30 zerrendan dagoen artista), Oscar Guayabero (komisarioa, editorea eta ikertzailea) eta Vasava (Nike edo Adobe bezalako marka handientzat lan egiten duen diseinu estrategikoko agentzia). Sarrerak 50 euroko prezioa izango du auto bakoitzeko, edo 25 eurokoa oinezko bakoitzeko (autozinearen terrazan).

"Bertaratutakoek parte hartu ahal izango dute, beren autotik, hizlariak 27 metroko pantaila batean ikusiz eta irratiaren bidez entzunez; hau da, distantziei eutsiz eta araudi guztiak betez, baina, aldi berean, esperientzia ludikoaz eta zero kilometroaz gozatuz", adierazi du Peio Atxalandabasok.

Urriaren 1, 2 eta 3an "Azkorri beach house"n (Goienetxe estarta 17) masterclasseak egingo dira, estatu mailan branding eta marka-estrategian erreferentzia den Folch estudioaren eskutik. Gehienezko 15 laguneko talde txiki batentzako topaketa izango da eta sarrerak agortu dira dagoeneko.