GETXO. Urtea hasi baino lehen aurreikusita zeukanaren % 19,41 bakarrik eskuratu ahal izan du Getxoko Udalak urteko lehenengo seihilekoan, hau da, urtarriletik ekainera. Udalak aurreikusita zeukan 41,9 milioi euro eskuratzea, eta horietako 8,1 milioi soilik lortu ahal izan ditu.

«Ikusten dugu udala 2020. urterako aurreikusitako diru-bilketaren zatirik handiena urteko bigarren hiruhilekora bideratzezko ahalegina egiten ari dela oraindik ere, herritarrei zein jarduera ekonomikoari, ahal den neurrian, finantza-egoerari aurre egiten laguntzeko, arnasa hartu eta denbora izan dezaten. Izan ere, mundu osoan bizitzen ari garen pandemia eteteko konfinamenduak, orokorrean, ekonomia eraso du, kasu batzuetan gogor eraso ere», adierazi du Diruzaintzako zinegotzia den Ignacio Uriartek.

Aurreikuspenen arabera, egoera urteko bigarren seihilekoan berrorekatzea espero da. Dena den, Udalkutxa udalen finantzaketa-funtsaren ekarpenak ere % 20 egingo du behera; hau da, ia-ia aurrekontuaren % 10eko murrizketa ekarriko du. Aurten, 2020. urtean, zenbateko horren erdia gauzatuko da; beraz, aurreikusitakoa baino 5,1 milioi gutxiago jasoko dira.

"Zertara bideratzeko" edo gastuen atalean, egoera bestelakoa da. Diru-sarreren beherakadari aurre egin ahal izateko gastuaren erritmo arruntari neurri batean eutsi ahal izan bazaio ere, pandemiak eragindako aparteko beste gastu asko sortu dira. «Emandako baimenak 2020ko aurrekontuan behin betiko aurreikusitakoaren % 61,34 izan dira, hau da, Diruzaintzako gerakinetatik bideratutako aldaketak barne hartuta. Eta % 55,83 lortu dugu xedapenetan. Hortaz, aurrekontu-betearazpenak ekitaldiaren lehenengo erdian garbi gainditu du % 50 hori», esan du Uriartek.

Hain zuzen ere, kreditu gehigarrien eta transferentzien bitartez egindako hainbat aurrekontu-aldaketaren berri eman da, 2 milioi eurokoak. Horren bitartez, Covid-19aren ondorioen aurka borroka egiteko laguntza eman nahi zaie gehien behar duten pertsonei eta familiei, bai eta jarduera ekonomikoari ere. Besteak beste, neurri hauek barne hartuko dira: norbera babesteko ekipamenduak eta askotariko materialak eskuratzea, Getxoko establezimenduak berriz irekitzea sustatzeko aparteko laguntzak eta etxerik gabeko pertsonentzako aterpetxearen instalazioak mantentzea.