GETXO. Badirudi koronabirusaren osasun-krisialdiaren garairik latzena pasatu egin dela eta pixkanaka-pixkanaka gizartea normaltasun berrira egokitzen doala, baina erne egon behar gara atzera ez bueltatzeko. Horregatik, maskararen derrigorrezko erabileraz gain, beste hainbat segurtasun-neurri betetzea nahitaezkoa izango da.

Getxoko Udalak hondartzen erabilera eta gozamena ahalik eta ondoen egitea zaintzen jarraitzen du, bertaratutakoen osasun-segurtasuna ahalbidetzen duen edukiera ez gainditze eta pertsonen osasuna zaintze aldera. Joan den asteburuaz geroztik eta uda amaitu arte, Punta Begoña eta Igeretxeko biribilguneen arteko itzulerako erreia itxi egin da (ibilgailuak Txomintxutik ateratzen dira), oinezkoentzako lekua handitzeko neurri gisa.

Gainera, ostiraletik igandera, Ereagako hondartzarako ibilgailuentzako sarbidea ixten jarraitzen da, Punta Begoñako biribilgunetik, 11: 30etik 13:30era eta 15:30etik 20:00etara, ibilgailu-pilaketak saihesteko. Bertatik baimenduta dauden autoei pasatzen uzten zaie, eta eguerdian irekitzen da, ostalaritza-establezimenduetara sartzea errazteko.

Era berean, Udaltzaingoak maskara erabiltzen dela kontrolatzen jarraitzen du hondartza hiritarrenetara (Ereaga eta Areeta) sarbidea ematen duten pasealekuetan, puntako orduetan hareatzetara joaten diren pertsonek eta pasealekuez gozatzen dutenek bat egiten dutelako.

Neurri horiek guztiak astero ebaluatzen dira, eta aldatu egin daitezke jardunaldien garapenaren arabera. Beste behin ere, udalak norbanakoaren eta taldearen erantzukizuna eskatzen du, birusaren transmisioa kontrolatzeko oinarrizko zutabe gisa.