GETXO. Martxoaren 14an koronabirusaren pandemia dela eta alarma estatua ezarri zenean, udalerri guztietako espazio publiko guztiak itxi behar izan ziren estatu osoan. Bada, bihartik aurrera, ekainak 29, Getxoko Udalak udalerriko espazio publikoak pixkanaka-pixkanaka irekitzen hasiko da, normaltasun berrirako bidean. Zabalketa hau progresiboa izango da eta beti segurtasun-neurri guzti-guztiak errespetatuz.

ZAHARTZE AKTIBOA

Romo Kultur Etxeko hirugarren solairuan eta Zahartze Aktiboari dagokionez, Getxo Lagunkoia programako oinarrizko zerbitzuak (podologia, masajea eta ile-apaindegiak) irekiko dira, eta horietarako hitzordua eskatu ahal izango da astelehenetik, ekainaren 29tik, aurrera. Era berean, adinekoen elkarteei (AJANE, Ibar Nagusien Etxea eta Urtealaiak) lagatako zentroak irekitzeko baimena ematen da, baina bakoitzak erabakiko du noiz irekiko dituen lokalak.

LIBURUTEGIAK ETA IKASGELAK

Datorren astelehenetik aurrera, hilaren 29tik aurrera, udal liburutegiek beren irakurketa eta ikasketa postuak irekiko dituzte. Zentroak astelehenetik ostiralera egongo dira zabalik, ordutegi hauetan: RKEko liburutegia, 08:30etik 14:30era eta 16:00etatik 20:00etara; Villamonteko eta San Nikolaseko liburutegiak, 08:30etik 14:30era. Lokal bakoitzean, edukiera 35 (Villamonte), 47 (San Nicolas) eta 50 (RKE) pertsonatara mugatuko da, irakurketa-postuak, ordenagailu-postuak eta zentroetako langileak barne, hurrenez hurren. Inola ere ez da ikasteko beste gelarik irekiko.

Haur-gelan, gazte-gelan eta RKEko txikitxokoan, baita Villamonteko liburutegiko haurrentzako tokian ere, liburuak eskuratu eta aukeratu ahal izango dira, baina jendea ezin izango da horietan egon, ezta eseri ere, espazio horietan ezin baitira higiene-baldintzak etengabe kontrolatu. Halaber, ez da irekiko eguneroko prentsaren eta aldizkarien in situ irakurketa-zerbitzua, eta automailegu- eta fotokopiak egiteko makinak ezin izango dira erabili, ukimenezko gailuak baitira. Ordenagailuen erabilerari dagokionez, mahai gainekoak baino ezin izango dira erabili, betiere segurtasun-distantzia errespetatuz.

KULTUR ETXEAK

Bai Villamonteko Kultur Etxean bai RKEn, astelehenetik ostiralera, jendearentzako harrera zerbitzua zabalik egongo da, 08:30-14:30 ordutegian (Villamonte) eta 09:00-14:00 eta 16:00-18:00 (RKE). Ezeztatutako ikuskizunetarako eskudirutan erositako sarrerak Villamonteko Kultur Etxean baino ez dira itzuliko. Berriro jakinarazi arte, ez da jarduerarik egingo Kultur Etxeetan, eta aretoak lagatzeko zerbitzua ere ezin izango da erabili.

Aurten RKE hauteslekua izango denez, uztailaren 11n eta 12an ez da zerbitzurik emango.

GAZTERIA: GAZTELEKUAK ETA LUDOTEKA

Algorta eta Romoko Gaztelekuko zerbitzuak eta Gazte Informazio Bulegoa uztailaren 2an hasiko dira lanean.

Zerbitzu horien edukiera % 60ra murriztuko da: Algortako Gaztelekuan 25 pertsona baino ezin izango dira egon aldi berean, eta 15 Romoko Gaztelekuan. Gazte Informazio Bulegoak banan-banan hartuko ditu erabiltzaileak, eta ez da beharrezkoa izango aurretiko hitzordua kontsultara joateko.

Bestalde, uztailaren 20tik irailaren 4ra bitartean Ludoteka zerbitzua eskainiko da, asteko txandetan, 5 eta 11 urte bitarteko umeentzat. Ordutegia 10:30etik 13:30era izango da, eta parte hartu ahal izateko aldez aurretik eman behar da izena uztailaren 3a baino lehen, nahi diren asteen hurrenkera adierazita. Era berean, uztailaren 6ra arte zabalik egongo da datorren ikasturtean parte hartzeko izena emateko epea. Uztailaren 15ean zozketa egingo da eta onartutako adingabeen zerrenda jakinaraziko da.

GETXOLAN

Astelehenean irekiko dituzte jendearentzako arreta zerbitzua eta Coworking gunea, % 50eko edukierarekin. Ekintzaileentzako eta enpresentzako aholkularitza-zerbitzuak aldez aurretik eskatutako hitzorduarekin emango dira. Telefono zenbakia: 94 466 04 40 eta helbide elektronikoa: getxolan@getxo.eus

JABEKUNTZA ESKOLA ETA SEXOLOGIA INFORMAZIO BULEGOA

Emakumeentzako Jabekuntza Eskola eta Sexologia Informazio Bulegoak asteartean, ekainak 30, zabalduko dituzte ateak.