GETXO. Koronabirusak eragindako egoera dela-eta, beste herri askok hartutako erabakiari jarraituz, Getxoko Udalak aurtengo jai guztiak irailera arte atzeratzea onartu du. Erabaki hau auzoetako jai-batordeekin batera hartu dute, eta irailean segurtasun-neurri guztiekin ospatu ahal izatea espero dute.

Horren ondorioz, San Isidro (irailaren bigarren asteburura atzeratuak), Zubilleta, San Juan (Andra Mari), Santa Ana, San Inazio, Romo eta Portu Zaharreko jaiak ez dira ospatuko, ezta Nazioarteko Paella Lehiaketa ere. Uztailean zehar berriro ere aztertuko da egoera, Mesedeetako eta San Martin jaiak osasun-berme guztiekin antolatzea posible den erabakitzeko.

Zenbait jai-batzordek herritarrak animatu eta gizarte-egitura suspertzeko eskaerari erantzunez, udalak aurtengo jaiak antolatzeko diru-laguntzaren aurrekontuaren % 15 emango die iraila bitarteko batzordeei ekitaldi programa bat gauzatzeko, higiene- eta osasun- bermeak mantenduta.

Programa horrek honako ekitaldi hauek hartuko ditu: streamingen bitartez eskainitako ikuskizunak, online lehiaketak, merchandisingaren diseinu eta ekoizpena eta sare sozialen bitartez jaiak gizartaratzeko bideo baten grabaketa. Bertoko kultura sektorea sustatzeari zuzendua egongo da gainerako aurrekontua.

TAO ZERBITZUA ASTELEHENEAN JARRIKO DA BERRIRO MARTXAN

Datorren astelehenean, maiatzaren 25ean, Getxoko TAO zerbitzuak ohiko ordutegia berreskuratuko du, udalerrian mugikortasuna bermatzeko. Ordutegia honako hau izango da: astelehenetik ostiralera 09:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara eta larunbatetan 09:30etik 14:00etara.

Segurtasun eta higiene neurriak zorrozteko, udalak App ofiziala (elparking) erabiltzea gomendatzen du, eta ahal den neurrian, txartela erabiltzea ordaintzeko.