GETXO. Maiatzaren 8an konfinamenduan zehar getxotar artistek sortutako lanak ezaguarazteko abiarazitako "Artista bat auzoan" ekimenak baditu ordezkariak. Natalia García Muro eta Izaro Ieregi izango dira Getxoko Kultur Etxeko sare sozialetan euren lanak erakutsiko dituzten artistak. Natalia Garcíak asteartean egin zuen, eta Izaro Ieregik gaur bertan egingo du, eskultura, instalazioa eta performancea ardatz hartuta.

Natalia García Muro (1990, Getxo) Madrilgo Carmen Rocheren kontserbatorioan eta Burgosko Dantza Eskolan Dantza garaikidean graduatutako dantzaria da. Dantzaren arloko hainbat dantzari ospetsurekin ikasi du, besteak beste: Matxalen Bilbao, Daniel Abreu, Mónica García, Guillermo Weiker, Vicky Pérez, Diana Bonilla, Cristina Bollousa, La Macana, Joaquín López Hidalgo eta Mey Ling Bisogno. 2015etik, dantza-interpretea da hainbat konpainiatan. Matxalen Bilbao konpainiaren “Gear” (2015), “Fuga” (2016) eta “Serenity Suite” (2018) piezetako dantzaria izan zen. Halaber, Krego-Martin Danza konpainiako “Moliendo Café” (2018) piezako dantzaria ere izan zen. Input konpainiako “Un.y.Dos” (2017) eta “Imperfecto” (2019) piezetan ere aritu da. Markeliñe antzerki-konpainiako “Euria” (2017) piezan aritu da eta baita Lôkke-Olatz de Andrésen “The Big Game” (2019) eta “Doppelgänger” (2019) lanetan.

Izaro Ieregiri (1989, Getxo) dagokionez, Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako Fakultatean lizentziatu zen (2010) eta 2011n amaitu zuen sorkuntza eta ikerketa masterra. Banakako erakusketak egin ditu Basauriko Arizko dorretxean (2017), Buenos Aireseko San Martín Kultur Zentroan (2017) eta Xiameneko Chinese European Arte Centren (2017). Espazio hauetan ere ikusgai egon dira bere lanak: Guggenheim Bilbao Museoa (2017), Manchesterreko NY Space (2016), Getxoarte (2016), BilbaoArte Fundazioa (2016) eta Madrilgo Complutense Unibertsitatea (2015). Bilbon egoitza duen Okela Sarmen Lantegia gunea eta kultura- eta erakusketa-proiektuaren bazkide eta sortzailea da.

PROIEKTUA

“Artista bat auzoan” ekimenaren bitartez, Getxoko zortzi artistek amaitu gabe edo bukatuta dauden lanak erakutsiko dituzte eta baita diziplina anitzeko sortze-prozesuak, adibidez pintura, argazkigintza, ilustrazioa, dantza, eskultura eta performancea. Gainera, esperientzia pertsonalen eta bizipenen berri ere emango dute eta baita ekitaldiak proposatu edota liburuak, musika eta beste artisten lanen proposamenak egin. Proiektua pasa den astean abiatu zen Helena Goñiren eskutik eta, aipatutako Natalia García Muro eta Izaro Ieregiz gain, beste sortzaile hauen bideoak ere bilduko ditu hurrengo asteetan zehar: Eztizen La Cruz, Pablo Zabala, Maitane Sarralde, Pablo Astrain eta Regina Zabala

Artisten eta publikoaren arteko harremanari jarraipena emateko, bideo guztiak eskaintzen direnean, tailer-topaketatan izena emateko aukera emango zaie zaleei. Horietan, proiektuan parte hartu duten artistek bere lana erakutsi, etorkizuneko proiektuak azaldu edota egungo arte-sormenari buruz hitz egin ahal izango dute. Artista bakoitzak erabakiko nola eta noiz izango diren topaketa horiek, behin alarma egoera amaituta, betiere etorkizuneko balizko osasun-araudietara egokituko diren gunetan. Bai bideoak bai topaketetan gertatzen den guztia ere abenduan Romo Kultur Etxean erakutsiko da, Getxoarte 2020ko Bitartekaritza eta Egoitza Programarekin batera. Programa horretan parte hartuko duten artista guztiek Bi Hormetara eta Zirri Marra Arte Tailerra espazioen sortzaile diren Miren Begoñe Bilbao eta Ibon Garagarza komisarioek hautatu dituzte.