GETXO. Hurrengo astelehenean, maiatzaren 11an, Getxoko Udalak GetxoBizi zerbitzua jarriko du berriro martxan. GetxoBizi bizikletak mailegatzeko eta aparkatzeko zerbitzu publikoa da, eta koronabirusak eragindako egoerak bertan behera uztera behartu zuen. Erabiltzaileek hainbat segurtasun-neurri bete behar izango dituzte bizikletak erabili ahal izateko.

Horrela, zerbitzua astelehenetik larunbatera (larunbata barne) izango da, 07:00etatik 20:00etara. Abonatuek bakarrik erabili ahal izango dute (oraingoz ez da noizbehinkako erabiltzaileentzat irekiko), eta bizikletak lanpostuetara joateko eta udalerri barruan erosketak egiteko bakarrik erabili ahal izango dira, alarma-egoera arautzen duen indarreko dekretuaren arabera.

Gomendatzen da eskularruak erabiltzea eta bizikleta utzi ondoren bota; eskuak ondo garbitu urarekin eta xaboiarekin edo gel hidroalkoholikoarekin ahal bezain laster, ibilbide bakoitzaren aurretik eta ondoren; maskara jantzi eta beste txirrindulariekiko 2 metroko distantzia soziala mantentzea. Gainera, erabiltzaileei eskatzen zaie Covid-19ren gaixotasuna diagnostikatu zaienetik 14 egun baino gutxiago igaro badira, edo oraindik sintomaren bat badute edo diagnostikatutako norbaitekin kontakturik izan badute, zerbitzua ez erabiltzeko.

Zerbitzuaren kudeaketaren ardura duen erakundeak, bestalde, egunean bi aldiz garbitu eta desinfektatuko ditu bizikletak eta horien aparkalekuetako ukipen-gainazalak, desinfektatzeko eskuzko elementuekin.

Azkenik, GetxoBizi banakako garraio-zerbitzu publiko gisa modu arduratsuan erabiltzea gomendatzen da, eta, beraz, oraindik erabili ez duten Getxoko herritarrei zerbitzu hori erabiltzeko eta zerbitzu horretan harpidetzeko deia egiten zaie.