GETXO. Algortako Los Chopos etorbidean egiten ari diren lanak maiatzaren 8an amaitutzat emango dira. Lan horiei esker, María de Ibarra plazarako sarbideak hobetuko dira, bai oinezkoentzat bai bertako saltokientzat.

Lan horien inguruko proiektua Fadurako kiroldegian eta Algortako Kultur Aretoan 2018. urteko azaroan egin ziren bi erakusketa publikotan aurkeztu zen. Horietan 80 iradokizun jaso ziren, proiektuaren ardura duten teknikariek aztertu zituztenak, eta, ahal den neurrian, laster amaituko den eremuko urbanizazioan sartu direnak.

Plazaren izena, María de Ibarra, 2017an egin zen parte-hartze prozesu batean aukeratu zen, eta bertan parte hartu zuten Las Uves izeneko gune honetatik hurbilen dagoen inguruan erroldatutako pertsonek. Izen berria, beraz, Getxon 1664an tratu txarrengatik bere senarra salatu zuen lehenemakumeari egindako omenaldi gisa erabiliko da. Omenaldi horrek, gainera, indarkeria hori pairatzen duten emakume guztiak gogoratzeko eta gure gizarteak pairatzen duen arazoaz kontzientziatzeko balioko du. Hala, María de Ibarra udalerriko kale izendegian emakumeen aurkako indarkeriaren biktima izan den lehen emakumea izango da.

Kontrastatu da Las Uvesen irudiek ez dutela balio artistiko eta arkitektonikorik, Viviendas de Vizcaya enpresa pribatuaren inizialak baitira. Ohikoak ziren enpresak hirurogeita hamarreko hamarkadan eraikitzen zituen eraikuntzetan. Gainera, Makaletako etorbidearen inguruko proiektua jendaurrean jartzean ez zenez irudi horiek mantentzeko eskaerarik jaso, datozen egunetan kendu egingo dira.

Plaza berrirako, eta emakume horren irudiari eta hark ordezkatzen duenari balioa emateko asmoz, Getxoko Udalak modu parte-hartzailean lan egingo du plaza horren izena sinbolizatzen duen elementu bat jartzeko eta emakumeek jasaten duten indarkeria matxistaren aurka sentsibilizatzen laguntzeko.