GETXO. Koronabirusak eragindako egoera dela eta, hainbat eta hainbat ekintza bertan behera geratu behar izan dira. Beste batzuk, ordea, birmoldatu egin dira eta ahal bezala euren egitarauarekin jarraitzen dute aurrera. Azken hau 'Berbodromoa etxetik' ekimenaren kasua da. Maiatzaren 14an ospatuko da, baina aurten bideokonferentziaz eramango dute aurrera Egizu elkarteak abiarazitako programa. Aurten, nobedade gisa, atzerrian bizi diren getxotarrek parte hartu ahal izango dute.

Era honetan betiko xedea aurten ere mantenduko da, hau da, euskaldunak elkartzea eta giro lasaian proposatutako gai zehatz batzuei buruz aritzea, euskara ikasten ari denari euskaraz hitz egitera animatzen, eta euskaraz aritzeko aukera gutxi duenari aukerak ematen. Aurten bi saio izango dira, bata, 10:00etan eta bestea, 18:00etan, biak Jitsi Meet aplikazio bidez.

FUNTZIONAMENDUA

Taldeetan euskara ikasten ari diren eta dakiten pertsonak izango dira, guztira lau pertsona (atzerrian dagoen getxotarra, dinamizatzailea eta beste bi getxotar) eta hurrengo hiru gairi buruz mintzatuko dira: konfinamendua zure inguruan, loteria tokatuz gero, zer egingo zenuke?, eta Euskaraldia.

Berbodromoan parte hartzeko aurretik izena eman eta galdetegi txiki bat bete behar dute pertsona interesatuek www.egizu.eus webgunean. Ondoren laukotearen esteka jasoko dute, eta aipatutako egunean, klik egin eta solas-gelan sartuko dira, Jitsi Meet aplikazioarekin bidez. Bideo kamara erabiltzea hautazkoa izango da, eta antolatzaileek gomendatzen dute Chrome nabigatzailea erabiltzea eta saioak hasi baino hamabost minutu lehenago konektatuta egotea, egon daitezkeen arazo teknikoekin lagundu ahal izateko.

Zalantzak argitzeko egizugetxo@gmail.com helbidera jo daiteke, eta saioetan zehar laguntza emateko telefono zenbakia 619 935 541 izango da. Bideokonferentzietan Euskaraldiaren Belarriprest eta Ahobizi txapak ipinita edukitzeko eskatu dute sustatzaileek.