BILBO. Getxoko Ereaga hondartzaren abaroan dauden Punta Begoña Galeria Bizkaiko eta Euskal Herriko XX. mendeko eraikinik nabarmengarrienetariko bat da. Hura berriztatzeko, Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederren Fakultateko ikasleen talde batek eraikina zaharberritzeko prozesuaren hirugarren fasean hartuko dute parte.

Punta Begoña Galeriak badoaz pixkanaka antzinako distira berreskuratuz. Bertan behera utzita, hondatuz joan dira denboraren joanean, baina hain balio handiko ondarea izanik, Punta Begoña Galeriak balioan jartzeko proiektua jarri zen martxan. 2014an hasita, Getxoko Udala eta UPV/EHU dira proiektuaren buru, baina Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza ere badauka.

Eraikina berreraikitzea ez da proiektuaren helburu bakarra, balio katea ere sortu nahi baita: ikerlana, prestakuntza eta lortutako ezagutza gizartera transferitzea. Bost dira proiektuan lanean ari diren UPV/EHUko ikertaldeak: Ikerkuntza eta Berrikuntza Ikertaldea (IBeA), Grupo de Investigación en Patrimonio Construido (GPAC), Hidro(geo)logia-Geoteknia-Ingurumen Ikertaldea, Cultural Landscape and Heritage UNESCO Katedra eta Ondareen Zaharberritzeari buruzko Ikertaldea.

Duela hiru urte, Lola Rodríguez andreak ?Arte Ederren Fakultateko irakasleak eta azken talde horretako ikertzaileak? proposatu zuen udan lantaldeak antolatzea Kultur Ondareen Kontserbazioari eta Zaharberritzeari buruzko Graduko ikasleekin, obra hondakinak ateratzeko, piezak berreskuratzeko eta, ondoren, zaharberritzeari ekiteko.

Aldez aurretik, garbiketarako lan metodologia ezarri zuten, batez ere, zaharberritze lanarekin hasi aurretik pintadak garbitzeko. Horretarako, galerian dauden azulejoen antzeko erliebea zeukaten azulejoak erabili zituzten: tindatu egin zituzten probak egiteko, eta horretan oinarrituta pintadak kentzeko prozesua erabakitzeko. Rodriguez andrearen esanetan, proba horiek asko erraztu zuten lan esperimentala eta lagungarri izan ziren ikasleek galerian bertan egin beharreko lanerako.

Rodriguezen taldea izan zen ikasleekin lanean hasi zen lehena Punta Begoña balioan jartzeko proiektu honetan, eta iaz eta aurton ere ikasleekin egiten dute lan. Rodriguezek dio ikasleentzat ikasteko modu bizia dela, bertatik bertarakoa, eta proiekturako ere onuragarria dela, ikasleen lana laguntza handia delako; azken finean, denentzako onuragarri.

10-12 ikasle aritzen dira lanean: hirugarren mailakoak (gero, laugarren mailan berriro bueltatzen dira) edo master eta doktoregokoak. Juan Bermejo “Paisaiaren Kudeaketa. Ondarea, Lurraldea eta Hiria” masterreko ikaslea da eta ikasleek parte hartzeko aukera izan zuten lehenengo kanpainan hasi zen: aurtengoa hirugarrena dauka. Bizitzaren arlo guztietan hazteko aukera bat dela dio. Estibaliz L. Ochoa de Retana Arte Ederretako doktoregoko ikaslea da eta dio berarentzat poztasun handia dela Punta Begoñako Galerietan lanean aritzea, Getxoko eraikin hain garrantzitsua berreskuratzearen parte izatea.

Hiru urte hauetan, ikasleek, irakaslearen laguntzarekin eta haren gidaritzapean, areto nagusia egokitu dute, eta iparraldeko eta hegoaldeko galeria zaharberritzen hasi dira puzzleak osatuta olanbrilekin (irudi bat marraztua daukaten zazpi zentimetro inguruko azulejo karratuak). Rodriguez irakasleak azaldu digu guztira 25-30 irudi aurkitu dituztela, orain arte inoiz ikusi gabeko irudiren bat tarteko.

FUNTZIO ASKOTARIKO PROIEKTUA

Hainbat arlo lantzen dira: zeramika, marmola, esgrafiatuak, eta abar, eta ikasteko bide oso garrantzitsua da zaharberritzeko prozesu eta euskarri asko erabiltzen baitira, eta gaitasun asko landu.

Ochoa de Retanak kontatu digu doktorego tesia egiten ari dela bertan, eta bi direla horretarako arrazoiak: batetik, ikasketen ikuspegitik ikerketa hau erronka delako eta ondorea zaharberritzeko eta kontserbatzeko prozesuan hainbat ikuspegi lantzen direlako ?Punta Begoña Galerietan hainbat eta hainbat arazo daude, dio, izugarria da eta ikerketarako oso interesgarria?; bestalde, UPV/EHUk antolatzen dituen kanpaina hauek arlo profesionalean hobetzeko aukera ematen diotela azaldu digu, tresneria erabiltzen ikasten duela, baina horretaz gain, beste ikasle batzuekin batera lanean arituta zeharkako gaitasunak lantzen dituela eta zaharberritze eta kontserbazioaren munduan murgiltzeko lagungarri dela.

Bermejok dio espero duela inoiz mundu guztiak izatea galeria hauetaz gozatzeko aukera eta jarduera ugari antolatzea bertan.

Lola Rodriguezen ustez UPV/EHUrentzat ere onuragarri da ekimena. Dio unibertsitateak erakutsi duela gai dela proiektu izugarri handiak koordinatzeko, eta bere osperako ere badela, partaide baita Punta Begoña Galeriek duten ondare balio berreskuratzeko lanean.