BILBO. Garraio Patzuergoak Lamiakoko metro geltokiko sarbide berriaren lanak esleitu ditu. Leioako Lamiako eta Txorierri auzoetako biztanleek errazago izango dute metrora jaistea eraikiko duten igogailu berriari esker. Obren epea sei hilabetekoa izatea espero dute.

Proietua Leioako Udalaren eta BGP-CTBaren arteko lankidetzari esker gauzatuko da.Bi obra horien arteko konexioari, geltokirako sarbide berriari eta igogailuari esker, hobetu egingo dira bi auzoetako irisgarritasuna eta bizitza kalitatea. Patzuergoak 337.290,57 euro inbertituko ditu geltokirako sarbide berria egokitzeko lanetan, eta egikaritze epealdia sei hilabetekoa izango da.

Leioako Alkatea den Iban Rodriguez Etxebarriak, proiektuak Leioarako eta Lamiako eta Txorierri auzoetarako duen garrantzia azpimarratu du. Sarbide berriak bi auzoetarako irisgarritasuna hobetuko du, igogailuarekin lotura ezarriko du, eta bidea erraztuko die bertan bizi diren 2.000 pertsonei.

Sarbide berria, 2. trenbideko (Bilbo noranzkoa) nasan sarbide bat egokitzeko eta bertatik, eskailera bitartez, 1. trenbideko nasara heldu ahal izateko Lamiako eta Txorierri auzoetako biztanleen eskaria da. Geltokiaren proiektuak bi auzoetako irisgarritasunaren hobekuntza osatzen du. Denbora gutxi barru, metro geltokiaren aurrean dagoen Langileria kalearen eta Txorierri auzoaren arteko maila aldaketa gainditzen duen igogailuak lotuko ditu bi auzoak. Udalak, BGP-CTBren laguntzarekin, 2,1 milioi euro inbertitu zituen lan horretan.