BILBO. Paul Lamb izango da gaurko protagonista Getxoko Blues Jaialdian. Kontzertua Arrigunaga aretoan izango da gaueko 21:00etan. Gaueko 23:00etan Detractors talde bilbotarrak joko du Algortako The Piper’s Irish Pub tabernan.

Paul Lamb (1955, Blyth; Ingalaterra) harmonika-jotzailerik ospetsuenetariko bat da bluesaren eszenan eta ibilbide oparoa izan du: agertoki famatuenetan jo du eta sari ugari irabazi ditu. 15 urte besterik ez zituela abiatu zen musikaren munduan, 60ko hamarkadaren amaieran industria britainiarra astindu zuen atzeraldi ekonomikoan bertako lokaletan bizimodua atera nahian. 20 urterekin, Erresuma Batuko ordezkaria izan zen harmonikako munduko txapelketan, eta bigarren saria eskuratu zuen bakarlari gisa.

Hurrengo urteetan, bere ibilbidea lantzen hasi zen musikari handiekin elkarlanean: Buddy Guy, Junior Wells, Brownie McGhee eta bluesaren beste musikari handi batzuk. Bere ametsetako Londreseko agertokira iritsita, Paul Lamb lan handia izaten hasi zen, hainbat taldetako buru nahiz beste artista batzuekin kolaboratuz, hala nola Mark Knopfler-ekin. Horrez gain, BBCrentzat hasi zen lanean telebista saioetarako soinu-bandak grabatzen.

80ko hamarkadan, The Blues Burglars taldea sortu zuen, behin betiko Europako agertokiak hartzeko asmoarekin. Geroago, The King Snakes izena jarri zion, John Lee Hooker-en Crawlin’ King Snake abestiaren omenez. Edozein estilo interpretatzeko gai dira The King Snakes: Rhythm&Blues-a Texasko blues elektrikoa eta Louisianako, Deltako eta Mendebaldeko Kostaldeko erritmoak. 19 diskok osatzen dute arrakastaz beteriko ibilbidea, Royal Albert Hall mitikoan eginiko zuzenekoa barne, eta kritikaren ustez, Erresuma Batuko blues talderik onena dira. Getxoko saioan, Paul Lamb (harmonika eta ahotsa), Chad Strentz (gitarra eta ahotsa), Ryan Lamb bere semea (gitarra), Dino Coccia (bateria) eta Ron Demickekin (baxua) jardungo da.

Detractors

Priscilla Band funk soul talde ospetsuaren zenbait kidek Detractors proiektua sortu zuten, Deltako bluesa estiloa interpretatzeko gogo biziz. Taldearen helburua jatorriko blues akustikoa jotzea da, inor hotz utziko ez duen musika, hain zuzen ere. Horretarako, erabiltzen ez diren musika-tresna zaharrak konpondu eta berrerabiltzen dute.