Ermuko Udalak aurrera darrai udalerriko Zearkale kalea eta Lomi Power inguruko urbanizazio berria lotuko dituen lurpeko pasabidea eraikitzeko lanekin. Altuna y Uria izeneko enpresa egiten ari da obra.

Obraren esleipenduna Areitiora igotzen den BI-3344 errepidearen azpiko pasabidea egiteko espazioa irekitzen ari da dagoeneko, eta bertatik instalazio elektrikoak, euri-urak eta ur-instalazioak sartzen ari da etxebizitza berrietara iritsi daitezen.

Duela ia bi astetik, aipatutako errepidea itxita dago bi noranzkoetan, Kaltxangoko biribilgunearen eta Zearrekobueltaren artean, ibilgailu nahiz oinezkoentzako lurpeko pasabidea eraikitzeko lanak egin ahal izateko. Hala, eta datorren irailaren 10era arte, Areitiotik udalerrira iritsi ahal izateko, saihesbidetik San Lorentzoko biribilgunera jaistea gomendatzen da, eta handik, herrira sartzea. Beste aukera Mallabia aldera jaitsi eta Ermura Urtia industrialdetik barrena sartzea da.

Bestalde, Zearrekobueltako enpresetara oinez igo ahal izateko, behin-behineko metalezko eskailera bat kokatu da Zearkalen, prentsa kiosko zaharra zegoen lekuan, Torreta Etxetik igotzen den pasealekuaren zati bat ere itxita baitago obrengatik.

Obrak egiten ari den enpresak errepidea erabat ixtea erabaki du Leber ingeniaritzak gure herriko trafikoa sakon aztertu ostean, fluxuak hobeto ezagutzeko eta eragin gutxien izan dezaketen jarduerak aukeratzeko. Ikerketak erakutsi dituen emaitzen arabera, herritarrentzat nahiz trafikoarentzat kalte gutxien dakarren aukera da bidea moztea, Ermuko Udalak bere webgunean azaldu zuen moduan.

Udalak gogoratu nahi izan du lan horiek direla eta, 'baskula'ko autobus geltokia kendu egin dela datorren irailaren 10era arte, hemen zehazten den bezala.