Elorrioko Udala Buzkantz eta Montorra kaleen artean, udalerriko erdigune historikoan bertan, dagoen parke berria irekitzeko lanak amaitzen ari da. Datorren larunbatean inauguratuko da, apirilaren 10ean, eta Ganondo izena eramango du. 178.474,85 euroko inbertsioarekin, iazko irailaren amaieran hasi ziren lanek 12.000 metro karratuko berdegunea, bidezidor eta bide txikiak eta animaliekin paseatzeko aisialdirako gunea egokitzeko balio izan dute.

Lehen fase hori amaitzean, hurrengo fase batean eserlekuak eta LED argiak instalatuko dira eta aisialdirako gune bat egokituko da, skate park-a eraikita. Ideia hori gazteen partaidetza-prozesu batetik sortu da, eta hori eraikitzeko URAk, Uraren Euskal Agentziak, eman beharreko baimena urte eta erdi atzeratu da. "Jarduketa honekin Elorrio irisgarriagoa, berdeagoa eta guztiontzat hurbilagoa sortzen jarraitzeko bidean aurrera egiten dugu. Birika berde berri batez eta Toloto ibaia bideratzearekin batera, hiri eta paisaia eraldaketa osoa ekarri duen funtsezko proiektu batez ari gara", adierazi du Idoia Buruaga alkateak.

Ganondo Parkea

Udalak partaidetza-prozesu bat jarri zuen martxan elorriarren artean parke berriaren izen posibleak jasotzeko. Guztira 156 galdetegi jaso dira, izen desberdineko 61 proposamenekin.

Izena aukeratzeko bi irizpide jarraitu dira: jasotako proposamenak eta haien motibazioak, eta eremu publiko berrien izenak ezartzeko orduan toponimoak erabiltzea gomendatzen duten arauak. Hori guztia kontuan hartuta, Ganondo izena aukeratu da, 31 galdetegi jaso dituelako eta aipatutako gomendioak betetzen dituelako.

"Prozesuak bi helburu izan ditu: alde batetik, elorriarrek pate hartzea eta euren proposamenak eta arrazoiak ezagutzea gura genuen, erabakiak hartzeko orduan parte-hartzea sustatuz. Eta, gainera, jakin-mina piztu gura genuen, prozesua ikasketa-ariketa bihur zedin: zelan deitu izan zaion historian zehar eremu horri, zer den eta toponimiak zer dioen€ eta erantzuna ezin hobea izan da. Hitz-jokoekin egindako oso proposamen originalak jaso ditugu, eta baita bertako toponimiari buruzko kontsultak ere, horrelako gauzak non kontsultatu€. Beraz, balorazioa oso positiboa da. Hemendik aurrera, Ganondo", adierazi du Idoia Buruagak.