ERMUA. Ermuko Udalak plastikozko edo aluminiozko kafe -kapsulak birziklatzeko edukiontzi txiki bereziak instalatu berri ditu. Orain arte errefusaren edukiontzi grisean uzten ziren, baina dagoeneko ermuarrek hondakin berezi horiek uzteko leku espezifikoa daukate.

Debabarrena eskualdean kokatzen diren 12 mini garbiguneek bi konpartimentu dituzte jada kafe-kapsulak uzteko: bata aluminiozkoentzat, eta bestea plastikozkoentzat. Kutxak bete ahala, Mankomunitateak garbigunera eramango ditu kapsulak, eta Nestle enpresak jasoko ditu birziklatzera eramateko. Nahi izanez gero, zuzenean Mallabirako bidean kokatzen den garbigunera ere eraman daitezke hondakinak.

Ermuak bi mini garbigune ditu herrian: bata Diputazio kalean, Merkatu plazaren albo batean, eta bestea San Antonion, ermitaren ondoan.

NESTLEREKIN HITZARMENA

Zerbitzu berri hau Debabarreneko Mankomunitateak eta Nestlek sinatutako hitzarmenari esker ezarriko da, eta zerbitzuak ez du inolako kosturik izango herritarrentzat. Akordioak lau urteko iraupena du, luzatzeko aukerarekin.

Mankomunitatetik adierazi dutenez, "hitzarmen hau aurrerapauso bat da, lehen eskualdean birziklatu ezin genituen hondakinak birziklatzeko aukera ematen baitu. 2030erako gaikako bilketaren %70era iristeko helburua asmo handikoa da, eta horrelako ekintza txikiek norabide zuzena markatzen dute."

ALDAKETAK MUGIKORRENTZAKO KUTXETAN

Mini garbiguneek 14 konpartimentu dituzte guztira, eta horietatik hiruk telefono mugikorrekin lotutako hondakinak botatzeko balio izan dute. Orain, bi kutxa kapsulak jasotzeko erabiliko direnez, mugikorren hondakinek konpartimentu bakarra izango dute.