ERMUA. Astero bezala, asteburu honetan proiektatuko dituen filmen izenak ezagutzera eman ditu Ermua Antzokiak. Zinema saioak gaur bertan hasiko dira, otsailak 11, Hope film norvegiarrarekin.

Maria Sødahl zuzendariaren lanak Stellan Skarsgård beteranoa eta Andrea Bræin Hovig aktoreak ditu protagonista. Artista bikote baten harremana kinkan jarriko da emazteak bizitza galtzeko mehatxua egiten dion gaixotasuna duela jakiten dutenean. Zer gertatzen da maitasunarekin, adin ertaineko emakume bati hiru hilabeteko bizitza iragartzen diotenean? Anja eta Tomas familian bizi dira euren seme-alabekin, baina azken urteetan, bikotea aldendu egin da. Anjak buruko minbizi terminala duela jakiten duenean, Gabonen aurreko egunean, bere bizitza apurtu egingo da, eta albo batera utzitako maitasuna proban jarriko du. Hope ostegunean emitituko da, 19:00etan, azpititulatutako jatorrizko bertsioan.

Zine komertziala larunbatean hasiko da, hilak 13, Saint Maud beldurgarriaren lehenengo proiekzioarekin. Rose Glass zuzendari britainiarraren lehenbiziko film luzeak erlijioa eta gaixotasunak jorratzen ditu, Morfydd Clark, Jennifer Ehle eta Turlough Convery aktoreen lanaren bitartez. Maud erizain gazte bat da, eta trauma ilun bat jasan ostean, fede kristaua itsu-itsuan jarraitzen hasiko da. Minbiziak jota dagoen Amanda dantzari erretiratua zaintzen hasten denean, pazientearen arima behin-betiko kondenatik salbatu behar duelako uste obsesiboa sorraraziko dio fedeak… kostea edozein dela ere. Saint Maud larunbatean eta astelehenean eskainiko da 19:00etan.

Asteko bigarren pelikula komertziala Foto de familia komedia frantziarra izango da. Vanessa Paradis, Camille Cottin eta Pierre Deladonchamps ditu protagonista Cecilia Rouaudek zuzendutako lanak. Bertan, Gabrielle, Elsa eta Mao anai-arrebak ezagutuko ditugu, sekula elkar ikusten ez direnak. Gabriellek turistentzat “estatua” lanak egiten ditu, seme nerabeari gustatzen ez bazaio ere; Elsa haserre dago mundu guztiarekin, eta haurdun geratzeko etsita; eta Mao joko diseinatzaile depresiboak alkoholetan eta psikoanalisietan itotzen ditu bere nahigabeak. Gurasoei dagokienez, aspalditik bananduta daude Pierre eta Claudine, eta ez duke sekula ezer egin familiaren loturak indartzeko. Aitona hiltzean, ordea, guztiak bilduko dira haren hiletan. Foto de familia igandean eta asteartean emitituko da 19:00etan.

Haurrentzako programazioari dagokionez, igandean 17:00etan En guerra con mi abuelo filma izango da ikusgai, Robert DeNiro aktore ezagunaren itzulera komediazko lanetara. Peter gazteak bere logelatik alde egin beharko du bere aitona Ed, alargundu berria, etxera bizitzera doanean. Bere lagunen laguntzarekin, Peterrek gerra aitortuko dio aitonari gela uzteko, baina Ed burugogorra da eta ez dio erraz jarriko.