- Martxoan, eta konfinamendua hasi baino egun batzuk lehenago hasi zituen Durangoko Udalak Landakoko atletismo pistaren hobekuntza eta berrikuntza lanak. Sei hilabete pasatu eta gero, obrak bukatu dira eta astelehenetik aurrera, irailaren 14an, Durangaldeko Amankomunazgoak aurretiazko erreserba orduarekin irekiko ditu berriz ere instalazioak. Egungo egoeran hainbat segurtasun neurri ezarriko dira pertsonen arteko distantzia errespetatzeko eta osasun neurriak bermatzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiarekin sinatutako akordioan, hobekuntza lanak ia 600.000 euroko aurrekontuarekin burutu ahal izan ditu Durangako Udalak. Besteak beste, pistako zoladura leuntzeaz eta kirol-zoladura instalatzeaz gain, kirol-zoladurako eremuak zabaldu egin dira pisua jaurtitzeko eremuan eta ilargi-erdietan. Harea eta hobien drainatzea ere ordezkatu da. Azkenik, markaketa eta seinaleztapena berritu dituzte, soropilaren drainatzea bezala.

Lan horiek 10 urterako bermea dutela azaldu zuten gobernu taldetik eta "hilabete batzuetako obren ondoren, Durangon maila goreneko pista lortu dugu, Bizkaiko Foru Aldundiarekin izandako lankidetzari esker. Heldu da unea klub ezberdinek gozatzeko eta kirol lehiaketa garrantzitsuak ospatzeko".

15.000 metro karratu horiekin inguruko atletismo pista onenetakoa eta osatuenetakoa lortuko dutela adierazi zuten eta zentzu horretan, Udaleko bozeramaileak pozik agertu ziren. "Durangon ariketa fisikoa egiteko bitarteko egokiak izan nahi ditugu, eta horrelako lanek norabide horretan laguntzen dute. Lehiaketarako izan ala ez, herritarrek kirola egitea eta osasuntsu sentitzea nahi dugu. Horregatik, udalak jarduera fisikoa sustatzen jarraituko du, bere aldaera guztietan eta adin guztietarako". Horrela ,eta astelehenetik aurrera federazioko lizentzia duten atletek erabili ahal izango dute Durangaldeko Mankomunitateak kudeatzen duen kirol espazio hau.

Osasun krisialdiaren eraginez, arau orokor gisa, kirolariek eta langile teknikoek muturrekoa eramango dute kirol instalaziora sartzean, eta eskuak hidrogelarekin garbituko dituzte. Barruan, une oro pertsonen arteko bi metroko distantzia errespetatuko da, eta hori ezinezkoa bada, muturrekoa jarri beharko da. Era berean eta posible bada, kirola egiteko arropa etxetik jantzita ekarriko da, eta instalazioak ere arropa berarekin utziko dira. Hala ere, aldagelak erabili ahal izango dira, 8 pertsonako gehieneko edukiera errespetatuz, distantziak gordez eta muturrekoa eramanez.

Momentuz eta mankomunitateko arduradunek azaldu duten moduan "kirolariek eta begiraleek banakako edo talde txikien entrenamenduetarako baino ez dituzte instalazioak erabiliko. Indarrean dagoen arautegiak entrenamendu talde handiagoak baimentzen dituen arren, atletismoko saio bakoitzean gehienez ere 10 atleta eta begirale bat egon ahal izango dira". Modu berean, gimnasioa ere irekita egongo da federatutako kirolarientzat, aurretiazko erreserbarekin. Kasu horretan gehieneko edukiera 6 pertsonakoa izango da, eta gehienez ere ordubete egon ahal izango dira.

Ordutegiari dagokionez, instalazioak 09.00etatik 15.00etara eta 17.00etatik 21.00etara egongo dira zabalik. Erreserbak, berriz, atletismopista.mdurango@bizkaia.org helbide elektronikoaren bitartez tramitatu ahal izango dira.