Bertako gehiago, kalte ekologiko gutxiago lelopean, Dendak Bai Durangaldeko Merkatari Elkarteak, Durangoko Udalaren laguntzarekin, guk, Durango sentsibilizazio-kanpaina berria jarri du abian. Tokiko erosketa bultzatzea eta udalerriko gizartean ingurumena zaintzen lagunduko duten ohitura berriak sortzera bultzatzea helburu duen ekimena.

Atzo aurkeztu zen sentsibilizazio eta kontzientziazio-kanpaina berri honek bi helburu nagusi izango ditu. “Batetik, tokiko merkataritzan egiten diren erosketak bultzatzea, eta, bestetik, Durangoko herritarrak sentsibilizatzea eta ontzi berrerabilgarriekin erostera animatzea, erosketa egiterakoan erabilera bakarreko plastikoaren erabilera murriztuz”, adierazi zuen Alex Palacios, Dendak Bai elkarteko presidenteak. Zentzu horretan, proposatzen duten erronkan, erosketak egiterakoan oihalezko poltsak eta ontzi propioak eramatea izango da, plastikoen erabiltzea saihesteko.

Horregatik, eta kanpainari atxikitako establezimenduetan gutxienez 30 euroko erosketa egiten dutenei, elkarteak telazko poltsa bat, sarezko bi eta tuper batek osatutako erosketa sorta bat emango zaie doan. Horiek Madalenan banatuko dira irailaren 10ean eta 24an, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta Ezkurdiko plazan irailaren 17an eta urriaren 1ean, goizeko ordutegian. “Gutxieneko 30 euroak, hainbat tiketetan batu daitezke, eta bilketa-gune horietan entregatu beharko dira”, azaldu zuten.

Era berean, kanpaina 2020ko irailaren 1etik urriaren 1era bitartean edo izakinak amaitu arte egindako erosketetarako soilik izango da baliagarria. Bestalde eta gehienez 500 sorta banatuko dituzte eguneko.

Ekimen honek Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren babesa izango du eta Durangoko establezimendu guztiek har dezakete parte. Horretarako merkatari elkartearekin jarri beharko dute harremanetan. Elkarteak gogorarazi zuenez, kanpainari buruzko informazio eguneratua www.dendakbai.eus webgunean egongo da.