Durangaldea

Gaur irekiko dituzte Atxondoko igerilekuak

Udalak webgune berri bat sortu du igerilekuko informazioa emateko eta erreserbak egiteko

09.07.2020 | 00:21

Atxondo – Azkenengo hilabetean Atxondoko Udala Apatamonasterioko igerilekuak noiz eta nola irekitzeko kontigentzia plan eta protokolo bat lantzen aritu da erabiltzaileek ahalik eta modu seguru, osasungarri eta kontrolatuenean goza dezaten. Horrela, eta hasiera baten, pasaden astean irekitzea aurreikusita zuten arren, instalazioak gaur bertan irekiko dituzte aurretiko hitzordua eta erreserbak egiteko webgune berri bat bideratuz, eta segurtasun eta osasun neurri guztiak bermatuz.

Udako igerilekuen irekieraren atzerapena gaur egungo pandemiaren ondorioz erabiltzaile guztien osasuna eta segurtasuna bermatzeko dauden behar eta eskakizunei aurre egitea izan da. Izan ere, Xabier Azkarate, herriko alkateak azpimarratu zuen moduan "igerilekuez gozatzeko dagoen gogoa ulertzen dugu, baina osasun neurriekin benetan arduratsuak izan behar dugu eta horregatik, irekiera atzeratu dugun arren, erabiltzaileen segurtasuna bermatzea izan da gure helburu nagusia".

Hori dela eta, udalak hainbat ekintza egin ditu igerilekuetako egonaldia ziurtatzeko. Besteak beste, aste honetan seinaleak berritu dira, seinalizazio-geziak eta informazio-panelak jarri dira, gel desinfektatzailea instalatu da eta itxaroteko guneak prestatu dira. Horrela, berdegunean 250 laguneko gehienezko edukiera ezarri da, eta igerilekuan 100 lagunekoa. Era berean, aldagelak irekita egongo dira, baina ahalik eta gutxien erabiltzeko gomendioa egin du udalak, eta takilen erabilera ere mugatua izango da. Ordutegiari dagokionez, erreserben arabera, txanda bakarra ezarriko da, 11.00etatik 20.00etara, edo jende asko badako bi txanda izango dira, goizez, 11.00etatik 15.00etara eta arratsaldez, 15.30etik 20:00etara.

Udalak www.atxondokoigerilua.com web-orrialde berria martxan jarri du momentuko informazioa eta erreserbak egiteko helburu nagusiarekin. Erabiltzaileek bi egun lehenago hitzordua hartzeko aukera izango dute eta erreserba baliogabetu nahi bada ordubete lehenago egiteko aukera posible izango da.

noticias de deia