ERMUA. Koronabirusak eragindako egoerak sortutako zailtasunak direla eta, Laneratzen enplegurako prestakuntza programaren praktikak atzeratu behar izango dira. Laneratzen programa Lanbidek, Ermuko Udalak eta Eibarko Armagintza Eskolako Ikasle Ohien Elkarteak sustatutakoa da.

Natividad García Armagintza Eskola Elkarteko presidenteak jakinarazi duenez, gaitasun teknikoetan trebatzeko 3. fasea (elektrodo estalidun eta TIG bidezko soldadura) ezin izan da aurreikusitako datetan gauzatu, osasun-larrialdiko egoera dela eta; izan ere, osasun-arloan salbuespenezko neurriak hartzera behartu ditu erakundeak. Proposatutako neurrien artean, Lanbidek aurrez aurreko prestakuntza oro bertan behera uztea erabaki zuen martxoaren 12an, Laneratzen programa barne.

Horregatik guztiagatik, ikasturterako hasierako plangintza aldatuz eta egungo egoerara egokituz joan da. Pixkanaka, ikasleek berriro hasi ahal izan dituzte eskolak, lehenik online apirilaren 20tik aurrera, eta ondoren aurrez aurre, maiatzaren 25etik aurrera, segurtasun-neurriak betez.

Aurreikuspenen arabera, elektrodo estalia eta TIG bidezko soldadurako profesionaltasun-ziurtagiria lortzeko prestakuntza-fasea uztailaren 30ean amaituko da, gutxi gorabehera hilabete eta erdi eta bi hilabete arteko atzerapenarekin, pandemiaren ondorioz.

Orain, inguruko enpresetan praktikak egiteko fasean datza zailtasuna, osasun-larrialdiak erakunde horietako askoren egoera korapilatu baitu. Beraz, bloke hori enpresen erantzunaren arabera garatu ahal izango da.

LAN MUNDUAN SARTZEA ETA ENPLEGAGARRITASUNA HOBETZEA

Gaur egun, hamahiru pertsonak parte hartzen dute proiektu singular honetan, eta sei homologazio lortu nahi dira elektrodo estali bidezko eta TIG bidezko soldadura espezialitatearen barruan.

Proiektu singularrak laneratzeko edo enplegagarritasuna hobetzeko jarduera integralak dira, beste erakunde publiko edo pribatu batzuekin esku-hartze mota desberdinak bateratzen edo koordinatzen dituztenak. Kasu honetan, Lanbidek eta Ermuko Udalak batera finantzatzen dute ekimen hau, eta 114.468 euroko aurrekontua du: Lanbidek 70.418 euroko ekarpena egin du, eta udalak 44.050 eurokoa.

Ekimenaren helburua da enplegua aurkitzeko zailtasun gehien dituzten pertsonei tresnak ematea, gaitasun eta jarreretan zeharkako prestakuntza emanez. Programak lau fase ditu:

1. fasea: Debabarreneko hainbat enpresa bisitatzea, haien eragin-eremua ezagutzeko eta kontratazio-beharrak identifikatzeko.

2. fasea: prestakuntza zeharkako konpetentzietan, hala nola ekintzailetzan, autoenpleguan edo planoen interpretazioan.

3. fasea: gaitasun teknikoei buruzko prestakuntza, zehazki, elektrodo estali bidezko soldadurari eta TIGari buruzkoa.

4. fasea: lan-aktibazioa eta laneratzen laguntzea. Ikasleek lan-merkatuan sartzeko laguntza izango dute, lan-poltsekin eta banakako aholkularitzarekin.