ERMUA. Koronabirusak eragindako kalte ekonomikoak gutxiagotzeko helburuarekin, Ermuko Udalak laguntza ekonomikoei bideratutako aurrekontua 126.488 euroan handitzea onartu du. Igoera horri esker, 406.000 euroko aurrekontua izango dute laguntza horiei bideratzeko.

GLLak edo Gizarte Larrialdietarako Laguntzak Eusko Jaurlaritzaren programa bat dira, eta zenbait baldintza betetzen dituzten eta diru-sarrera arrunten osagarri ekonomikoa behar duten pertsonen unean uneko beharrak asetzea dute helburu.

Eusko Jaurlaritzaren 2020rako esleipena 153.565 eurokoa izan da, eta, ondoren, 106.488 euro gehiago eman dira osasun-krisiaren ondorioak arintzeko. Kopuru horri 92.000 euro gehitu behar zaizkio, Ermuko Udalak aurrekontuan ezarri dituenak, kontuan izanik hasierako zuzkidura ez dela nahikoa eta, ondoren, Covid-19aren pandemiaren ondorioz larriagotu egin dela egoera.

GLLez gain, erakundeak laguntza ekonomikoen berezko programa bat du, GLLek aitortzen ez dituzten premia-egoeretarako diru-laguntzak emateko. Laguntza horiek Gizarteratzeko Udal-Laguntzak izenez ezagutzen dira, eta 2020rako 30.000 euroko partida ezarri zuen erakundeak helburu horretarako.

Pandemiak lan-egoeran eta egoera ekonomikoan dituen ondorioak direla-eta, pertsona askok laguntza ekonomikoetara jo behar izan dute, enpleguaren eta diru-sarreren galera gainditzeko. Hala, martxoa amaitzean, guztira 237 GLL laguntza eman ziren; 295.808,75 euro. Udalaren Gizarteratzeko Laguntzei dagokienez, data horretarako hasierako zuzkiduraren %50 baino gehiago esleituta zegoen.

Horregatik, eta laguntza horiek behar izaten jarraituko dela jakinda, Udalak herritarrentzako diru-laguntzetarako duen aurrekontu osoa 406.000 eurotik gorakoa da, egindako azken ekarpenak kontuan hartuta.

ESKAERAK AURKEZTEKO EPEA, EKAINAREN 30ERA ARTE

Osasun krisiak eta Alarma Estatuaren deklarazioak Gizarte Larrialdietarako Laguntzak eskatzeko epean bete-betean izan dute eragina, hori hasi eta gutxira gertatu baitzen guztia. Normalean, otsaila eta maiatza bitartean eskatzen dira laguntzok.

Gizarte Zerbitzuek diru-laguntzen programak lehentasunez izapidetzen jarraitu dute aldi horretan, eta telefonoz erantzun eta kudeatu dituzte eskaerak. Hala eta guztiz ere, baliteke interesdunen batek zailtasunak izatea eskaera egin ahal izateko, eta, horregatik, urte osorako epea ekainaren 30era arte luzatu da, urteko ordainketa osorik jaso ahal izateko, urtarriletik aurrerako atzeraeraginarekin.

Aurkeztutako eskabideak, oro har, eskabidea aurkeztu eta hurrengo hilaren lehen egunetik aurrera kobratuko dira, irizpide profesionalaren arabera abalatutako salbuespenezko egoeretan izan ezik; horiek eskaera aurkezten den hilabetean bertan jaso daitezke.