AMOREBIETA-ETXANO. Koronabirusaren pandemiak gure eguneroko bizitzan egin ohi genituen gauza asko eraldatzera behartu gaitu. Biztanleriaren aisialdi-ohiturak egoera berrira moldatu behar izan dira. Horregatik, Zornotza Aretoak uda honetan antzerkia eta online ikuskizunak hartuko ditu. Guzti horiek Amorebieta-Etxanoko Udaleko Kultura Sailak antolatutakoak dira.

Programazio berria bihar hasiko da, 20:15ean, Txalo konpainiarekin eta Ondoko hilobiko tipoa euskarazko antzezlanarekin, Iker Galartza eta Aitziber Garmendiarekin.

Asteartean, ekainaren 2an, Anita Maravillasen Blue Bird umeen antzezlana argitaratuko da, Miren Larrea zornotzarraren antzerki konpainikoa. Gizakien tamainako txotxongiloen ikuskizuna da, maitasun eta abenturaz betea, 20. hamarkadara bidaian eramango gaituena, txori urdinaren bila.

Ostiralean, eskainaren 5ean, Atx konpainiaren Fakiu ikuskizunaren txanda izango da. Euskarazko antzezlan honetan instintuak lantzen dira eta Zornotza Aretoko kide ezagun batek parte hartzen du, Sandra Fernández Agirrek.

Hurrengo ostiralean, ekainaren 12an, Kibubu umeen antzezlanaren txanda izango da, Marie de Jongh konpainiaren eskutik eta Javi Renobalesen parte-hartzearekin. Protagonistak Xebas eta Cocó pailazoak dira eta beraien hurrengo ikuskizunean arrakasta izateko, benetako gorila bat erabili nahi dute, baina sekula ahaztuko ez duten lezioa ikasiko dute.

Ekainaren 16tik, asteartetik aurrera, Ekoma antzerki taldeak Rosalinda, Sous le ciel antzezlana online eskainiko du. Formatu txikiko antzezlana da, umorez betea, bakardadea, benetakoa izatearen balioa, bizitza maitatzea, adorea, eta maitasunak maitasuna sortzen duela beti erakutsiko dizkiguna.

Zornotza Aretoak Haizetara jaialdiari ere keinu bat egingo dio, jaialdia hastekoa zen astean. Ekainaren 19an bideo bat estreinatuko da jaialdiko 14 edizioak biltzen dituena, eta Udaleko Kultura Sailak aste horretan burutu nahi dituen ekimenen barruan kokatuta dago.

Hilabete honetako programazioa dantzarekin amaituko dugu, hilaren 26an, Elirale konpainiaren eskutik. Artha ikuskizuna itsasoaren mugimenduekin lotuta dago, eta gizakiak alde egiteko duen eskubide eta askatasunaren inguruan gogoeta egiten du.

Programazio guztia, apirilean eta maiatzean argitaratutako ikuskizunez gain, edozein unetan ikusi ahal izango da eta edozein gailutik, baina betiere Zornotza Aretoko webguneko mediatekatik.