ERMUA. Koronabirusak eragindako egoera dela eta, eta beste herri askok egin dutenaren ereduari jarraituz, Ermuko Udalak 2020ko Santixau jaien ospakizunak bertan behera uztea erabaki du.

Udaleko Bozeramaileen Batzordeak aho batez onartu du neurria gaur astelehena, maiatzak 25, eta aldez aurretik herriko kultur taldeekin eta ostalariekin adostu eta partekatu da erabakia. Izan ere, Santixauetako ohiko jarduerek ez dute bermatzen herritar guztien segurtasuna, ezta osasun agintariek ezarritako segurtasun neurriak betetzea ere.

Juan Carlos Abascal alkateak onartu du erabaki "zaila" izan dela, herriko jaiak komunitatearen elementu egituratzailea baitira, eta horiek bertan behera uzteak ondorio negatiboak dakarzkie arlo ekonomikoan udalerriko sektore jakin batzuei. Baina egungo egoerak eta higiene eta segurtasun neurriek galarazi egiten dute gure jaien funtsa osatzen duten hainbat jarduera egitea: "Imajinaezina litzateke Santixauetako aurkezpena edo kalejirak bezalako ekintza alaiak egitea pertsonen arteko segurtasun distantziak betez", adierazi du alkateak.

Abascalek azpimarratu duenez, "Administrazio publikoak eredu izan behar du, eta herritarren erantzukizun soziala eskatu behar dugu, pilaketak saihesteko eta pandemia honekin amaitzeko beharrezkoak diren neurriak bete ditzaten".

Udala, herriko taldeak eta Ermuko ostalariak uztailerako kultur egitarau alternatibo bat definitzen ari dira, tokiko kultura bultzatu ahal izateko, osasun krisiak gehien zigortutako alorretako bat baita; era berean, herriko taberna eta ostalaritza establezimenduen jarduera ere dinamizatu nahi da. Hala, herritar guztientzako jarduerak eskainiko dira, segurtasun- eta urruntze-neurri zorrotzak hartuta. Hori guztia, betiere, osasun-agintarien gomendioei eta pandemiak datozen asteetan izan dezakeen bilakaerari lotuta.