AMOREBIETA-ETXANO. Garai berriak dira. Koronabirusak pertsona guztien eguneroko bizitza aldatu du. Gauzak ez dira orain dela hilabete pare bat ziren bezalakoak. Horregatik, erakundeak euren zerbitzuak eskaintzeko moduak aldatu behar izan dituzte. Hori dela eta, Amorebieta-Etxanoko Udaleko Gazteria eta Euskara Sailek bat egin dute eta, udal liburutegiaz gain, beste hainbat ekintza eta jarduera abiarazi dituzte online egiteko. Ekintza horietan nabarmengarriena 3 eta 10 urte bitarteko umeen familiei zuzendutako zirku tailerra da.

Etxean egon ohi diren tresnekin zirkuko ikuskizunak egiteko gonbita egingo dute. Ariketa egin eta familian jolasteko proposamena da beraz, umeen irudimena lantzearekin batera. Tailerraren ardura Txitatoki Urdabai Zirko Eskolak izango du eta maiatzaren 18tik 22ra eskura izango da.

Gainera, hilabete honetan Sorgina Txirulina ipuin kontalariaren saio bi egongo dira. Lehenengoa 8tik 14rako astean ikusgai egongo da, Emakume paregabeak; eta bigarrena emozioei buruzkoa izango da eta maiatzaren 22tik 28ra ikusi ahal izango da. Halaber, Kontuleku saio berri bi egingo dira, Aitor Ormaetxearen eskutik: lehenengoa maiatzaren 15etik aurrera ikusi ahal izango da eta bigarrena maiatzaren 29tik aurrera. Gainera, denborapasak eta asteroko jarduerak eguneratzen jarraituko da.

ESKULAN LEHIAKETA BERRIA

Hilabete honetan gainera, eskulan lehiaketa berri bat egongo da. Zelaietako Urgozo parkea izango da oraingoan protagonista. 12 urte arteko umeek parte hartu ahal izango dute, eta etxean dituzten materialekin iturria irudikatu beharko dute. Egindako lanaren argazki bat bidali beharko dute ondoko helbidera maiatzaren 14a baino lehen: gazteinfo@amorebieta.eus.

Saria Zornotza Aretoko umeen ikuskizun baterako bi sarrera izango da. Antzokiak jarduerari berriro ekiten dionean erabili ahal izango dira. Maiatzaren 18an jakinaraziko da nor den irabazlea.