ERMUA. Hurrengo asteartean, hilak 28, Ermuko Udalbatza telematikoki bilduko da Gai Orokorren eta Udalbatzak aztertu beharrekoen Informazio Batzordea aurrera eramateko.

Informazio Batzordea 09:30ean hasiko da, eta sei puntu landuko dira eguneko gai-zerrendan. Ohi bezala, bilera hasteko, bertaratutako zinegotziei gonbita egingo zaie eguneko edozein gairen inguruan egon daitekeen edozein interes garrantzitsuren berri eman dezaten, eta, ondoren, aurreko aktaren onarpena bozkatuko da, 2020ko apirilaren 21ekoa, hain zuzen.

Segidan jorratuko diren lau gaiak ebazpen proposamenak izango dira, Lanpostuen Zerrendaren aldaketari, Diru-laguntzen Ordenantza Orokorrari, Diru-laguntzen Plan Estrategikoari eta Musika Eskolarekiko hitzarmenaren aldaketari buruzkoak, zehazki.

Zinegotziek online plataforma bat erabiliko dute bideokonferentzia egiteko, eta aurrez aurreko bilerekin ez bezala, ezin izango da streaming bidez zuzenean jarraitu. Dena den, saioa grabatzerik bada, edukia Udalaren webgunearen bidez eskainiko da.

Ermuko Udalbatzak aurrez aurreko bilera guztiak bertan behera uztea erabaki zuen martxoaren 14an, eta harrezkero, talde politikoek euren jarduera bitarteko digitalen bidez mantentzearen alde egin dute.

Azken hamarkadan teknologia berrietan eta informatikan egindako inbertsioei esker, Ermuko Udala modu telematikoan lanean jarraitzeko gai da. Izan ere, erakundearen sistema informatikoak telelana egiteko aukera ematen du, eta langileek beren dokumentu eta aplikazioetara sartzeko aukera dute etxetik, lanpostuan baleude bezala lan egin ahal izateko. Gainera, banda ultra zabaleko zuntz optikoko udal-sareari esker, Interneterako konexio azkarra eskaintzen da udalerri osoan.