ERMUA. Koronabirusak eragiten ari den krisialdi ekonomikoak gogor astinduko ditu hainbat familia. Enpresa askok ERTEak egin dituzte, eta beste batzuk beren jarduera eten behar izan dute. Familia horiei laguntza eskaintzeko, Ermuko Udalak hainbat laguntza-neurri abiarazi ditu.

Laguntza-blokeetako bat familiei, ikasle gazteei, merkataritza- eta ostalaritza-establezimenduei eta ETEei zuzenduta dago. Horrela, Ermuko Udalak eskola-materialak herrian bertan kontsumitzea bultzatuko du, tokiko establezimenduetan erosketak sustatuz eta ikasturtearen hasieran familiek eta ikasleek dituzten gastuak arinduz.

Diru-laguntzak 90 eurokoak izango dira gehienez ikasle bakoitzeko, eta 2020ko irailaren 1etik urriaren 30era bitartean Ermuan egiten diren arropa, oinetakoak, kirol-materiala, eskola-materiala (testuliburuak izan ezik), betaurrekoak eta lentillak erosteko gastuak hartu ahal izango ditu barne.

Laguntza neurriak bi lineatan banatzen dira:

  • 1995eko urtarrilaren 1etik 2003ko abenduaren 31ra bitartean jaiotako ikasleentzako laguntzak: biztanleria datuen arabera, ermuarren %9k 16 eta 25 urte bitartean ditu, eta kolektibo horren zati handi bat ikasten ari da. Hori dela eta, Ermuko Udalak 50.000 euroko partida aurreikusi du ikasketa arautuak edo okupazionalak, masterrak, doktoregoak egiten ari diren 16 eta 25 urte bitarteko pertsonentzat. Ikasturte arrunt baten antzeko iraupena izan beharko dute ikasketek, eta barne hartuko ditu helduen hezkuntzako ikastetxe publikoetako (HHE) ikasketak. Ez dira kontuan hartuko prestakuntza osagarriak (hizkuntzak, erabiltzaile mailako informatika, gidabaimena, etab.).
  • 2004ko urtarrilaren 1etik 2018ko abenduaren 31ra bitartean jaiotako ikasleentzako laguntzak: Ermuko biztanleen %14k 16 urte baino gutxiago ditu. Adin tarte horretarako, Udalak 110.000 euroko partida izango du. Diru-laguntza hori jaso ahal izateko, haurrek Ermuan erroldatuta egon beharko dute, etenik gabe, 2020ko urtarrilaren 1etik 2020ko maiatzaren 31ra.

Diru-laguntza horien bidez, Udala koronabirusaren egungo krisiak kaltetutako bi kolektibori laguntzen saiatzen da: familiei eta tokiko merkataritzari. Izan ere, iraila garai zaila izan ohi da familientzat, gastu handiagoa baitute ikasturtearen hasiera dela eta. Horrela, laguntza horiek nolabait arindu ahal izango dute seme-alaba ikasleak dituzten herritarren aurrekontua, eta, aldi berean, tokiko establezimenduetan kontsumoa sustatuko da.

NOLA ESKATU DIRU-LAGUNTZAK

Interesdunek 2020ko irailaren 1etik urriaren 30era bitartean aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak, eta gastuak ere egun horietan egin beharko dituzte tokiko saltokietan. Eskabidearekin batera, matrikularen egiaztagiria aurkeztu beharko da, baita libretaren titulartasunari buruzko datuen egiaztagiria ere. Era berean, Ermuko dendetan 2020ko irailaren 1etik urriaren 30era egindako gastuen fakturak entregatuko dira, diru-laguntzaren titularraren izenean emanak, non argi eta zehatz jasoko diren erositako produktuen xehetasunak. Laguntzaren gehieneko zenbatekoa 90 eurokoa izango da ikasle bakoitzeko.

Dokumentazioa aurrez aurre aurkeztu ahal izango da Abiapuntu bulegoan edo bide telematikoen bidez, Ermuko Udalaren Egoitza Elektronikoan.

Informazio guztia, eskaerak, epeak, betekizunak eta abar herritarren eskura egongo dira laster Abiapuntuko gure egoitza elektronikoan, laguntzen eta diru-laguntzen atalean.