ERMUA. Martxan da Ermua Hiria Literatur Lehiaketaren XXVI. edizioa. Aurtengoa berezia izango da, koronabirusak eragindako ezohiko egoeragatik, baina hala ere irekita dago jada lehiaketan parte hartzeko epea, eta maiatzaren 4ra arte iraungo du zabalik. Lau kategoria egongo dira aurtengo edizioan.

Deialdia lau kategoriatan banatzen da: poesia euskaraz eta gaztelaniaz eta narratiba bi hizkuntzetan. Modalitate bakoitzeko obra onenak 400 euroko saria jasoko du.

Narratiba atalean, aurten euskarazko zein gaztelaniazko testuetarako aukeratu den gaia bidaia literatura da. Horrela, prosazko obra guztiak gai horretara mugatu beharko dira nahitaez. Poesia kategorietan, berriz, gaia aukera askekoa izango da.

Aurkezten den narrazio bakoitzak gehienez ere 10 orri izango ditu, DIN A4 formatuan, eta poesia-lanek ezin izango dute 100 bertso baino gehiago izan, metrika librekoak izanda ere. Parte-hartzaile bakoitzak ezin izango du lan bat baino gehiago bidali kategoria bakoitzerako.

Testuak postaz aurkez daitezke (Ermuko Udal Liburutegia - Goienkale z/g. 48260 Ermua - Bizkaia) edo posta elektronikoz, biblioteca@udalermua.net helbidean.

LIBURUTEGIKO PROGRAMAZIOA

Horrez gain, Ermuko Udal liburutegiak Arratsaldean Kontu-Kontari ipuin kontaketa saio berri bat antolatu du larunbat honetarako, apirilak 18. Martxoaren amaierarako zegoen aurreikusita ekimena, baina orain arte ezin izan da aurrera eraman, Covid-19 birusaren hedapenak sortu dituen konplikazioen ondorioz.

Egungo Alarma estatuak saioa egokitzera behartu du, aurrez aurrekoa izatea ezinezkoa delako. Hori dela eta, Udal liburutegiaren YouTubeko kanaletik emango dute saioa. Jarduera larunbat honetako 17:30etik asteleheneko, apirilak 20, 08:00etara bitartean izango da ikusgai.

Saioak 'Munstroa izan nahi dut' du izenburu, eta 4 eta 9 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago. Birjiñe Albira arduratuko da jarduera zuzentzeaz, eta euskara hutsean burutuko da.