ERMUA. Koronabirusak eragindako kalteak pairatzen dituzten pertsonak laguntzeko helburuarekin, Ermuko Udalak onlinezko laguntza psikologikoa eskainiko du. Laguntza psikologikoa jaso nahi duen orok hitzordua eskatu beharko du telefono zenbaki hauetariko batean: 943179161 eta 943179162.

Covid-19aren pandemiak ondorio asko uzten ari ditu gure gizartean, eta esanguratsuenetako bat emozionala da; eragin handia du familiengan, gaixotu eta hiltzen diren pertsona maiteei laguntzeko eta horiei azken agurra emateko mugak ekarri dituelako, heriotza birusaren eraginez edo beste arrazoi batzuengatik izanda ere. Birusak gure hildakoak agurtzeko modua errotik aldatzera behartu du, oso protokolo zorrotzekin, eta pausuak ahalik eta gutxienera murriztu ditu. Horrek ondorioak ditu doluari heldu eta aurre egiteko moduan, oso ezohiko baldintzatan egonda ere.

Gure kulturan eta tradizioan, agur esateko- eta dolu-errituak ditugu, eta, alarma-egoera deklaratzean, Gobernuak ezarritako konfinamendu-arauek nabarmen eragotzi dituztelarik. Kideren bat gaixotu eta hiltzen direnen familien kasuan, baldintza horiek are mingarriagoak dira gaixotasunean eta bizitzako azken egunetan jasaten duten isolamendua dela-eta.

Prozesu horiek bizi behar izan dituzten pertsonen osasun psikologikoan ondorio larriak izan ditzaketela jakinik, Ermuko udaleko Gizarte Zerbitzuek lehen laguntza psikologikoetarako zerbitzu telematiko eta telefoniko bat aktibatu dute. Lan hori betetzea ez da udalaren egiteko, baina zerbitzutik laguntza behar duten pertsona guztiei entzun eta laguntza psikologikoa emango die une zail hauetan, laguntza hori eman behar duten osasun-zerbitzuek premia horri erantzun ezin dioten bitartean.