ERMUA. Zabalik dago dagoeneko Ermuko Santixau jaietarako egingo den kartel lehiaketan parte hartzeko izena emateko epea. Horrela ezaguarazi du Kultura Sailak, zeinak jaien irudia izango den kartela hautatzeko antolatzen du txapelketa hau.

Lehiaketan parte hartzea librea da, eta nahi duen oro aurkeztu ahal da. Pertsona bakoitzak gehienez ere hiru lan aurkezteko aukera izango du, eta originalak eta beste inongo lehiaketatan saritu gabeak izan beharko dute. Lehiaketa honetan parte hartzen duten guztiek baldintza hori onartzen dutela aitortzen dute.

Lanen gaiak herriko Santixau jaiei erreferentzia egin beharko diete, eta nahitaez Santiagos 2020 Ermuko Jaiak esaldia agertu beharko da.

Lehiaketara aurkezten diren lanek ez dute mezu iraingarririk, deialdiaren xedearekin bat ez datozenik edo pertsonekiko errespetua falta zaienik jaso beharko. Hori saihesteko, epaimahaiak adierazpide edo sinbologia matxista edo sexista duten lanak edo herritarrentzat oro har iraingarriak izan daitezkeenak baztertuko ditu antolakuntzak.

600 EUROKO SARI BAKARRA

Edozein teknika artistiko onartuko da kartela burutu ahal izateko. Originalak kultura@udalermua.net e-posta kontura bidali beharko dira 2020ko Santixau jaietako kartel Lehiaketa lemarekin. Obrak aurkezteko epea ekainaren 3an, asteazkenean, amaituko da.

Epaimahaia ekainaren 5eko ostegunean bilduko da erabakia hartu eta jakinarazteko, eta lan irabazlearen egileak 600 euroko diru-saria jasoko du. Kartelak jaietako programaren portada jantziko du.

Saritu gabeko lanak hilabete batez -epaimahaiak iritzia ematen duen egunetik kontatzen hasita- egileentzat eskuragarri izango dira berreskuratu ahal izateko. Behin epe hori igarota, lanen gain dituzten edozein eskubideri uko egiten diotela ulertuko da.