ERMUA. Hurrengo larunbatean, martxoaren 28an, arratsaldeko 20:30an, WWF Naturarentzako Mundu Funtsak antolatu eta sustatutako Planetaren Ordua ospatuko du Ermuak. Ekimen honen xede nagusia mundo osoko herrietako jendeak Lurra zaintzeko daukan konpromisoa azaleraztea da.

Planetaren Orduarekin bat egingo duten 15 euskal Udaletako bat da Ermua, eta larunbat honetan, 20:30etik 21:30era, Orbe Kardinalaren plazako argiteria publikoko argiak itzaliko ditu, baita udaletxeko, Lobiano Kultur Guneko, Teresa Murga eraikineko eta Ermua Antzokiko argi apaingarriak ere.

Erakundeak ez dira kanpaina honetan parte hartu dezaketen bakarrak; hiritar guztiok ere bat egin dezakegu ekimenarekin eta argiak itzali, planetarekin konektatzeko. 2020ko Planetaren Orduak naturak axola duela eta, guztiok elkarrekin, aldaketa klimatikoaren eta naturaren galeraren konponbidearen parte garela erakusteko balioko du.

Gainera aurtengo deialdia oso berezia izango da. Izan ere, Covid-19 birusaren zabalkundeak eragin duen alarma eta larrialdi egoeran gauden arren, ezin dugu planetaren aldeko eta klima aldaketaren aurkako borroka eten. Hori horrela, WWFk M28. Irten balkoira. ekimena antolatu du.

Jarduera berritzaile honetan, Itzali argia. Dena ondo joango da (Apaga la luz. Todo irá bien jatorrizko bertsioan) itxaropen mezua morse kodearen lengoaia unibertsalean igorriko da leiho eta balkoietatik, horretarako linternak eta mugikorrak erabiliz.

Izan ere, gure balkoiak eta leihoak koronabirusaren aurkako borrokaren batasun eta kanpoaldearekin dugun loturaren ikur bihurtu dira. Horrela, ekintza sinboliko bat diseinatu da, herritar guztiek Planetaren Orduarekin bat egin ahal izan dezaten beste urte batez, oraingoan etxetik.

Jarduera 20:30ean hasiko da mundu osoan, eta antolatzaileek milaka itxaropen-distiraz bete nahi dituzte balkoiak eta leihoak, gauden tokian gaudela ere, pertsona guztiok guztion etxea den Lurra zaintzeko beharraz konektatuta eta kontzientziatuta jarraitzen dugula gogorarazteko.

Morse kodeko mezua honela igorri behar da:

.- .--. .- --. .- / .-.. .- / .-.. ..- --..

- --- -.. --- / .. .-. .- / -... .. . -.

Ekimenaren web orrialdean morse lengoaia erabiltzen ikasteko tutorialak eskaintzen dira ohiko linterna bat erabiliz, baita mezua modu automatikoan igortzeko aukera ematen duten smartphonerako aplikazioak ere. Aukeratu gehien gustatzen zaizun sistema eta egin bat kanpainarekin!