DURANGO. Durangaldeko Rio de Oro elkarteak, astelehenean abiatu zuen Oporrak Bakean proiektuaren kanpaina berria. Bidaia bat baino gehiago lelopean elkarteak ekimen hori bultzatu eta indartu nahi du hurrengo asteotan. Horretarako eskualdeko familia guztiei gonbidapena eta deialdia luzatu die uda honetan Saharako haurrak ekarri eta etxean har-tzeko aukera izan dezaten.Aurreko urteetan egin duten bezala, haur sahararren udako harrera programa honek Tinduf-eko errefuxiatuen kanpamenduetan dauden, 10 eta 12 urte bitarteko haurrak Durangaldera ekartzeko posibilitatea ematen du udako hilabeteetan.

Mikel Del Arco, Río De Oro elkarteko koordinatzaileak, dei egin zien familia guztiei datozen hilabeteetan Euskal Herrira etorriko diren haur kopurua handiagoa izan dadin. “Harrera familiak behar dira. Joan den udan 60 gradura iritsi ziren tenperaturekin eta haurrek ezin dute egoera horretan bertan egon”, ziurtatu zuen.

Izan ere, Durangaldean beste eskualde batzuetan baino datu positiboagoak dituzten arren, iaz 10 haur bakarrik hartu zituzten familiek, eta beste 30 bat Durangoko Río de Oro elkartekoek, Atxondoko Hamadako Izarrak eta Elorrioko Lajwad Elkarteak partekatu zituzten. “Haur kopurua handitu dugu, baina ez du esan nahi asko denik, haur asko geratzen dira bidaiatzeko aukerarik gabe”, kontatzen zuen Mikel Del Arcok.

Zentzu horretan, Hayeba El-Kori saharauiak bere lehen urteak gogoratzen zituen Durangon, duela ia hamarkada bat. “2011an Ezkurdiko parkean 20-30 haur saharar zeuden, eta azken urteotan ez dut familiarik ikusten”, azaldu zuen.

Elkarteko kideek badakite azken urteotan ezin izan dutela familia asko lortu, eta horregatik, Euskal Herriko familia guztietara heldu nahi dutela adierazi zuten. Premiazkoak denbora, gogoa eta lekua izatea izango dira, Saharako haurrek oporrak baino zerbait gehiago bizi ahal izateko. Horrela, aste batzuetan, Saharako basamortuko baldintza klimatologiko gogorretatik aldenduko dira, elikadura hobetuko dute, arreta medikoa eta kultura aldaketa positibo eta aberasgarria izango da haur eta familientzat.

Programarekin bat egiteko 658 751 359 telefonoa, oporrakbakean@gmail.com helbidea edo oporrakbakean.eus webgunea jarri dituzte.

Era berean, Kanpaina honen lehen ekimena, datorren martxoak 7rarte, Durangoko Bizenta Mogel liburutegian bisitatu ahal den Bidaia bat baino gehiago erakusketa izango da. Bertan Saharako bi umeren argazki eta kontakizunak batzen dira.

DATUAK

Oporrak Bakean. ”Bidaia bat baino gehiago” lelopean udako hilabeteetan Tinduf-eko kanpamenduetan dauden haurrak ekartzeko ekimena da.

Onurak. Saharako haurrek desertuko klima gogorretik aldendu, elikadura hobetu eta bestelako proba medikoak egiteko aukera izango dute.

Beharrezkoa. 10-12 urte bitarteko umeak ekartzeko behar diren premiazko gauzak, denbora, gogoa eta lekua duten familiak izatea izango da.