Oihane Buruaga
DURANGO - 1994-1995 ikasturtera bidaiatzea beharrezkoa da Durangoko Hizkuntza Eskolako hasierak ezagutzeko. 25 urte igaro dira, baina momentuko giroa, urduritasuna, ilusioa eta aurrera joateko kemena norbaitek bildu edo deskribatu ahalko balitu, bai iraganean eta bai gaur egun ere, pertsona hori, Asun Elorriaga izango litzateke.
Gogoz eta emozioz konta-tzen ditu Asunek Durangoko Hizkuntza Eskolaren hasierako pausoak. Bera, hain zuzen ere, eskolaren sorreran egon zen, zuzendari eta irakasle bezala eta, horrela, burutu ditu Durangoko Hizkuntza Eskolan egin dituen 18 urteak. Literaturan lizentziatua, 1982 urtean hasi zen Bilboko Hizkuntza Eskolan euskerako klaseak ematen eta han jarraitu zuen Durangoko egoitza zabaldu zuten arte. "Garai hartan Durangoko Institutuko zuzendari zenak, Jose Ramon Arrizabalagak bertan Hizkuntza Eskola zabaltzeko asmoa eta apostua egin zuen eta horrela 1994-1995 ikasturtean Durangora bidali ninduten", azaltzen du Asunek.
Jaiotzez muxikarra izan arren, gaztetik Durangon bizi izan da Asun eta etxetik gertu egonez ilusioz hasi zuen Durangoko Hizkuntza Eskolaren jaiotza xumea. Garai hartan ez zeuden Hinkuntza Eskola asko. Bizkaian, Bilbokoa eta Getxokoa soilik zeuden eta hiru klaserekin eta lau irakaslerekin hasi zen funtzionatzen Durangokoa. Asunek azaltzen duen moduan, institutuko klaseak bukatzen zirenean hasten ziren Hizkuntza Eskolakoak eta lehenengo ikasturtea igarota, Fray Juan de Zumarragako institutua utzi eta gaur egun Zabalarra eskola den eraikinera aldatu ziren. Bertan, proiektua sendotu eta indartu egin zen eta urteak aurrera joan ahala matrikulazioak gora egin zuten Durangaldeko, Zornotza eta Lea Artibaiko ikasleak bilduz.
Dena den, hirugarren aldaketa bat ere egin beharko zuen eskolak. "Udalak berriz ere gure egoitza eskola moduan zabaltzea beharrezkoa zela esan zigun eta etxe berri bat eman ziguten", aitortzen du. Horrela, 2008tik aurrera gaur egun dagoen eraikinean ematen dira ingelesa, euskera, frantsesa eta aleman klaseak.
IRAKASLE IKASTUNA Asun Elorriaga 2012-2013. ikasturtean jubilatu zen, 36 urte irakasle moduan egin ondoren eta beste asko ikasle moduan egonda. "Nire ustez bizitzan beti egongo zara ikasten, ikastea ez da sekula amaitzen". Azken urteotan adibidez 78 urteko ikasle zorragarri bat izan zuen eta bera ere ingelesa, frantsesa, alemana, italiera, katalana eta txinera taldeetan ikasle moduan egon da.
Irakasle, zuzendari eta ikasle izateak ikuspuntu berezi bat eman dio eta 25. urteurrena ospatzen izan arren, Hizkuntza Eskolaren helburuak ez duela aldaketarik jaso adierazten du: "Hizkun-tza bat ikastea da, momentu bakoitzean dauden baliabideak aprobetxatuz eta bakoitzak duen helburua, beharrak edo neurrien arabera".
25 urte igarota uka ezina da metodologiak aldatu direla. Gaur egun bideoak, Internet eta abarren bidez irakasten da, lehen ez zegoen horrelakorik. Era berean urte askotan eskatzen ziren testu perfektuak orain ez dira funtsezkoak. Asunek azaltzen duenez "akatsak kontutan hartzen dira, baina zuzentzeko bide bat izanik".
Azken finean, hizkun-tzak egunerokotasunean, jakin-mina edota titulu baten beharrarengatik ikasi ahal dira eta 25 urte betetzen dituen hizkun-tza eskolak eskaintzen duena ikastea da, bakoi-tzak ahal duen moduan eta neurrian.