ERMUA. Ermuko Udalak martxoaren 8an ospatuko den Emakumearen Nazioarteko Eguna dela eta antolatu zuen kartel lehiaketak badauka irabazlea. Parte hartu zuten 32 lanetatik, Juan Diego Ingelmo Benavente murtziarra izan da garailea, "Tattoo" izeneko obrarekin. Aurkeztutako lanetatik bat lehiaketaz kanpo geratu zen baldintzak ez betetzeagatik. Egileak 600 euroko saria eta diploma jasoko ditu bere kartelari esker.

Parte-hartzaile gehienak bizkaitarrak izan dira, batez ere ermuarrak (29tik 28). Gainera, bi murtziar, bi valentziar eta Pontevedrako bizilagun bat ere aurkeztu dira. 19 gizonek eta 15 emakumek bidali dituzte euren lanak, eta hiru kartel gizon-emakumez osatutako taldetxoek landu dituzte.

Antolatzaileek IES Ermua BHI ikastetxeko ikasleen parte-hartze altua azpimarratu nahi izan dute; izan ere, 22 lan aurkeztu dituzte guztira, eta zenbait ikaslek kartel bat baino gehiago egin dituzte.

Lehiaketara aurkeztu diren obra guztiak ikusgai egongo dira Emakumeen Topalekuan martxoan zehar.

"GUZTIOI DAGOKIGUN BORROKA"

Lan irabazleak Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira argitaratzen diren kartelak, liburuxkak eta argitalpenak ilustratuko ditu. Juan Diego Ingelmo egilearen hitzetan, Tattoo kartelak "guztioi dagokigun borroka baten garrantzia eta kontzientziazioa nabarmendu nahi du".

"Nire asmoa oso irudi argia eta indartsua sortzea izan da, indar bisual handikoa, gure begirada erakarri eta oroimenean geratuko dena. Mezua begirada bakar batez aurkezten duen irudia da, baina begirada zehatz bati eusten dio era berean, ñabardura askorekin aberasten baita", adierazi du.

Ingelmok dioenez, "borroka gorputzean grabatuta eta erabat barneratuta daraman emakume bat islatu nahi izan dut; modako esaldi edo kontsignetan geratzen ez den emakume bat, baizik eta borroka berea egiten duena".

Egileak azaltzen duenez, emakumearen gorputzak zortzia osatzen du, eta bukaeran emakumearen sinbolo bihurtzen da. Tatuajeek "presentziaz hitz egiten digute (emakumea eta haren sinboloa), askatasunaz (hegalak), borrokaz (ukabila eta lehoia), unibertsaltasunaz (lurra), ahaleginaz eta lanaz (gurpil horzduna), grinaz (bihotza), justiziaz eta berdintasunaz (justiziaren alegoria), eta baita modu sotilagoan ere, ilargi eta eguzki horrekin. Borroka ez baita egun horretara mugatzen, urte osoa hartzen baitu”.

Obra amaitzeko, Ingelmok “zuzenean deitzen gaituen begirada” gehitu du, “borrokara” deitzen gaituena: “txoriak mugak gainditzeaz mintzo zaizkigu, haratago joateaz, eta bi kolore hain indartsu soilik erabiltzeak indar eta borroka ingurune hori sortzen du".