ERMUA. Bihar, hilak 7, ostirala, Ermua Antzokiak 'El coronel no tiene quien le escriba' obraren antzezpena hartuko du. Hala, Imanol Arias izango da Ermuko antzerkiko taulen gainean. Ekitaldia gaueko 22:15ean hasiko da eta 80 minutuko iraupena izango du. Sarrerak dagoeneko salgai daude BBKrek kutxazainetan, Kutxabanken webgunean, Lobiano Kultur Gunean eta Ermua Antzokiko leihatilan bertan ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagotik. 15 euroko prezioa dute.

Koronel zaharra eta bere emaztea miseria gorrian bizi dira, gobernuaren gutun baten zain. Gerrako zerbitzuengatik agindutako pentsioa emango diotela jakinarazi behar diote gutun horretan.

Halere, gutuna ez da iristen, eta bitartean, bikote zaharra ozta-ozta bizi da, pobrezia latzean. Gainera, borroka-oilar bat elikatu behar dute, bizirik irauteko duten itxaropen bakarra baita. Denborak aurrera egiten du, eta gutuna heltzen ez denez, erabaki bat hartu beharko dute: oilarra elikatzea edo beraiek biak elikatzea. Herritarren diruzalekeria, ustezko lagunen lukurreria, halabeharra eta gerraren ergelkeria gehitzen zaizkio koronelaren bakardadeari. Bizitzak behea jota utzi du, baina bi altxor ditu oraindik koronelak: emaztearen maitasuna eta bere duintasuna.

Koronel zaharraren tragedia munduko bidegabekerien isla da. Patuak aurkezten dizkion zailtasunen aurrean duen erresistentzia gaitasuna mugagabea da; gainera, gizakiengan duen fedea eta itxaropena bezain indartsua den izaera errebeldeak gidatzen du bide horretan.

El coronel no tiene quien le escriba Gabriel Garcia Marquezek idatzitako izen bereko eleberrian oinarritzen da, eta Natalia Gruesok antzerkira moldatu eta Carlos Saurak zuzentzen du. Haurtzaroaren eta gaztaroaren zati handi bat Ermuan igaro ostean, berriro herrian izango dugu Imanol Arias, antzezlaneko protagonista. Ondoan izango ditu, eszenatoki gainean, Cristina de Inza, Jorge Basanta, Fran Calvo eta Marta Molina.