ERMUA. Martxoaren 8an ospatzen den Emakumeen Nazioaretko Eguna dela eta, Ermuko Udalak kartel lehiaketa antolatu du aurten. Bertan parte hartzeko epea zabalik dago dagoeneko, eta lanak otsailaren 7ko eguerdira arte aurkeztu ahal izango dira herriko Abiapuntu bulegoan edota posta bidez bidaliz. Irabazle bakarra egongo da, zeinak 600 € eta diploma bat eramango ditu. Gainera, bere lana aurtengo edizioaren kartelak egiteko irudia izango da.

Adinez nagusi diren pertsonek parte hartu dezakete lehiaketan, banaka nahiz taldeka. Partaide bakoitzak gehienez hiru lan aurkeztu ahalko ditu, eta originalak, argitaratu gabeak eta beste lehiaketa batzuetan saritu gabeak beharko dute izan.

Edozein teknika edota kolore erabili daitezke kartela osatzeko; baldintza bakarra inprentan kopia egokiak egin ahal izatea da. Gutxienez 45x30 zentimetro eta gehienez 65x40 zentimetro izan beharko ditu obrak, eta kristalik gabe, luma-kartoian aurkeztu beharko dira. Derrigorrez honako esaldia izan beharko dute: 2020ko martxoak 8-Emakumeen Nazioarteko Eguna / 8 de marzo de 2020-Día Internacional de las Mujeres.

Kartelean testu gehiago sartu nahi izanez gero, hori elebidun egon beharko da, euskaraz eta gaztelaniaz. Gainera, lanaren irudia edo argazkia CD edo antzeko euskarri batean entregatu beharko da. Ez dira onartuko euskarri informatikoan soilik aurkezten diren lanak: erreprodukzio bat beharrezkoa izango da.

Lanak otsailaren 7ko, ostirala, 15:00ak baino lehen aurkeztu beharko dira Abiapuntun. Bulegoa zabalik egongo da astelehenetik ostiralera 08:00etatik 15:00etara, eta postaz ere bidali daiteke bertara honako helbidera: Konbentukoa 3, 48260 Ermua, Bizkaia. Obrak behar bezala bilduta aurkeztu beharko dira, euskarri zurrunean. "2020ko martxoaren 8ko kartel lehiaketa" leloa idatziko da kanpoan, eta barruan, gutunazal itxi batean, datu pertsonalak sartuko dira (izen-abizenak, adina, helbidea, telefonoa eta curriculum laburra). Gutunazal berean NANaren fotokopia eta, nahi izanez gero, obraren azalpen tekniko edo interpretazio laburra gehituko dira.

Artearen arloko profesional batek eta Emakumeen Kontseiluko ordezkariek osatuko dute lehiaketako epaimahaia. Horrek otsailaren 14an lehiaketa ebazteko erabakia hartuko eta 17an ezagutaraziko du. Irabazleari deitu egingo zaio horren berri emateko, eta 600 euroko diru saria eta diploma jasoko ditu. Kartel irabazlea Ermuko Udalak Emakumeen Nazioarteko Egunerako prestatuko dituen poster, argitalpen eta esku-orrietan egongo da ikusgai, eta erakundearen esku geldituko da.

Gainera, lehiaketara aurkezten diren lan guztiak Emakumeen Topalekuko erakusketa batean ikusi ahalko dira martxo osoan zehar.