DURANGON Gabonak ez lirateke gauza bera izango bere jaiotzarik gabe. Luis Ibañezek bi hamarkada baino gehiago daramatza bere sorkuntzak herriko hainbat erakusleiho eta espaziotan erakusten. Aurten ere bere obra berriena alde zaharreko okindegi batean dago, eta bertan ikus daiteke bere azken sorkuntza handia, Durangoko Kurutziagako txoko mitikoa jaoitza batean bihurtuta. Jaiotzez errioxarra eta erretiratua den margolari hau pozik ageri da bere azken obrarekin, nahiz eta aitortu duen, Garai Jauregiko leihoetako barroteek denbora asko eraman diotela. “Guztira 500 ordu inguru eskaini dizkiot”, gaineratu du. Jaiotza berri batek, Kurutziaga denez, Gurutzea ere badu, durangarrek gehien maite duten monumentuetako bat, Mikeldiko Idoloaren ondoan, eta XV. mendearen amaierakoa edo XVI. mendearen hasierakoa da. “Txoko guztiak bildu nahi izan ditut, iturritik edo Vera Cruz Museotik hasi eta Gurutzeraino”, gogoratu du Ibañezek. Bere lan berriaz gain, aurten beste zortzi jaiotza ere aurkeztu ditu Luis Ibañezek. Hainbat saltokitan daude kokatuta, beste bat jubilatuen tabernan eta beste bi San Frantzisko kalean Luisek duen lonja batean. Horiekin guztiekin gozatu ahal izateko, iaz bezala, datorren 17rako bisita gidatua antolatu dute, eta bertan jaiotza bakoitzaren zergatia azalduko du Ibañezek.

Duela sei urtetik hona, San Frantzisko kalean duen lokalaren erakusketak (ostegun, ostiral, larunbat eta igandeetan egongo da ikusgai urtarrilaren 6ra arte, 18:00etatik 20:00etara) izaera solidarioa hartu du; izan ere, sarrera doakoa da, baina bisitarien borondatezko ekarpenetatik bildutako dirua Bizkaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteari ematen zaio, iaz 516 euro jaso baitzituen.

Mugimenduzko jaiotza izenekoak ehundik gora irudi ditu - 30 bat mugitzen dira-. Gauez eta egunez egiteaz gain, ekaitza eta tximistak daudenean laranja usaina izatea lortu du egileak.

Bitxia da haren azken burutazioa ere. Izan ere, Ibañez gai da bere poltsikoan jaiotza bat eramateko. Intxaur bati esker egiten du hori, eta, erditik irekitzen bada, irudi ezberdinak ikus daitezke haren barruan. “Ikusi nuen, originala iruditu zitzaidan, eta erreproduzitzera animatu nintzen. Behin moldea amaituta, orain ordubetean amaituta eduki dezaket”, azaldu zuen bere sorkuntza originala erakusten zuen bitartean.

Udaletxea Gogoratu behar da iaz Ibañezek harritu egin zuela Durangoko Udalaren eraikina eskalan eraiki eta gero. “750 ordu eman nizkion, eta emaitza jendeari asko gustatu zitzaion”, ziurtatu zuen artistak iaz. Obra hori hilabete askoan ikusi ahal izan da Alkatetzaren bulegorako sarbidean. Baina duela aste batzuk kendu egin zuen, Iturribide kalean dagoen Bilboko Pasioen Museoan jarri dutelako. Bertan, lan handi hau ikusteko aukera izango dute interesa duten guztiek. “Udaletxeko fatxadako pinturak izan ziren ahalegin handienetako bat, aingerutxo asko, musikarien margoak, ehizarako motiboak dituzten koadroak? banan-banan egin nituen”, aitortu zuen egileak. “Batez beste 14 orduz egon nintzen lanean egunero, larunbat eta igandeak barne”.