BILBO. Irailaren 12tik 15era, Ermuk Folkez Blai jaialdiaren XIV. edizioa hartuko du. Festibala Ermuko Udaleko Kultura Sailak antolatu du, eta Orbe Kardinala plazan ospatuko da. Udalak jaialdiaren egitaraua aurkeztu du jada.

Irailaren 12an, osteguna, Foulareda talde ermuarrak eta Alboka Musika Eskolako trikitilariek triki-gaita poteo alaiarekin girotuko dituzte herriko kaleak 19:00etatik aurrera.

Ostiralean, hilak 13, lehiaketa hasiko da, eta sei talde izango ditugu lehen saria lortzeko lehian. Lehenengo jardunaldi honetan, Comando Curuxás (Lugo) eta Flowk (Bartzelona) arituko dira 18:30ean eta 19:45ean, hurrenez hurren. Eguna amaitzeko, Toledoko La Khabala Band taldearen kontzertua izango dugu 21:00etatik aurrera. Lehiaketaz kanpo arituko dira hauek, iazko Folkez Blai jaialdiko irabazleak baitira.

Lurgain gipuzkoarrek emango diote hasiera larunbateko egitarauari, 18:30ean, eta X-Fanekaes valentziarrak arituko dira jarraian, 19:45ean. Lehiaketatik kanpo, Xabier Diaz & Adufeiras de Salitre izango da eguneko talde gonbidatua. Galiziarrak 21:00etan igoko dira eszenatokira.

Igandean, irailak 15, Guadalajarako Los Hermanos Cubero bikotearen kontzertua izango dugu, lehiaketatik kanpo, 13:00etan, eta arratsaldean, azkeneko bi taldeak lehiatuko dira: Lenda Ártabra (A Coruña) 18:30ean eta Boj (A Coruña) 19:45ean.

Epaimahaiak igandean bertan ezagutaraziko du bere erabakia, kontzertu guztiak amaitu ostean. Sei taldeetako batek lehenengo saria eskuratuko du, 3.000 eurokoa, eta bigarren sailkatuak, aldiz, 1.500 euro jasoko ditu. Gainera, irabazleek 2020ko Folkez Blai eta Getxofolk jaialdietan parte hartuko dute.

Folkez Blai jaialdiaren helburua musika errotik sustatzea da eta, aldi berean, estilo horretako musika lantzen duten musika elkarteei euren lana zabaltzeko aukera eskaintzea. Gainera, Ermuko herritarrei eta jaialdira gerturatzen direnei folk musikara gerturatzeko eta talde berriak ezagutzeko parada ematen die ekimenak.