BILBO. Amorebieta-Etxanon dagoen Larrea kiroldegia itxita egongo da abuztuaren 18ra arte. Udalak hobetzeko lanak egiten ari da kiroldegiko instalazioak hobetzeko. Kiroldegiak leku gehiago izango du eta makina berriak jarriko dira entrenamendu kardiobaskularrean eta muskulazioan, 144.000 euroko inbertsioa egin ondoren.

Arineketan egiteko zinta berri bi erosi dira, eliptika bat, arraunketarako bat, ergometro bat eta bost bizikleta. Makina berriak orain arte spinning egiten zen lekuan jarriko dira eta aurrerantzean indoor txirrindularitza klaseetarako egokitutako gela batean egingo da berau. Gimnasioa handitu ondoren, leku nahikoa egongo da ariketa fisikoa egiteko elementu gehiago jartzeko etorkizunean. Gainera, squasheko kantxan parketa ere jarriko da eta hortaz, squashean askoz ere erosoago aritu ahal izango da.

Lan hauek egiteko 70.000 euroko inbertsioa beharrezkoa izango da eta kiroldegia itxi egin beharko da uztailaren 24tik abuztuaren 18ra.

Bestalde, gimnasiora gero eta gazte gehiago joaten direnez, instalazioetara sartzeko beharrezko adina berrikusi da. Horrela, entrenamendu kardiobaskularrera 14 urtetik gorakoak sartu ahal izango dira eta makinetara eta muskulazioko ariketak egiteko lekura sartzeko 18 urte behar izango dira. Bigarren honetara 16 urtetik gorakoak ere sartu ahal izango dira, gurasoen edo legezko tutorearen baimena izanez gero.

Kiroldegian egingo diren bestelako hobekuntzak

Gainera, abuztuan, eta kiroldegia itxita egongo dela aprobetxatuz, hainbat hobekuntza egingo dira kiroldegiko instalazioetan.

Batetik, egokitutako aldagela bi jarriko dira, familiek ere erabiliko dituztenak. Guztiz ekipatuta egongo dira eta LED argiztapen sistema eta sentsoreak izango dituzte (aurrekontua: 50.000 euro). Bestalde, Udalak 24.000 euroko inbertsio gehigarri bat aurreikusten du kiroldegia hobetzeko hainbat elementu jartzeko, esaterako: markagailua futbol eta errugbi zelaian, futbol 7ko ateak, igerilekuan tenperatura adieraziko duen taula bat eta atletismoko pistako materiala berritzea, beste batzuen artean.

Horrela, lanetarako inbertsioa guztira 144.000 eurokoa izango da. Lanak ikasturte berrirako, irailerako, amaituta egongo direla aurreikusten da eta horrela, erabiltzaileei ahalik eta eragozpen gutxien eragin.