Abadiño - Udalak bere batzordeak berregituratu ditu eta Gobernantza eta Herritarren Partaidetzarako batzordea sortu du, Mikel Garaizabal alkateak azaldu zuenez atzo ospatutako plenoan.

Egitura berrian, lehen Ogasun Batzordea zena orain Ogasun, Ekonomia Sustapen eta Enplegu Batzordea bihurtu da, herriko langabeziaren aurka borrokatzeko baliabideak hobetuko dituen tresna izateko. Era berean, aurreko legealdian Berdintasun batzordea zena hemendik aurrera Berdintasun eta Aniztasun Batzordea izango da, eta lan egingo du pertsona guztien gizarte inklusioaren alde.

Sortu berri da ere Ekitaldi eta Aisialdi Batzordea, hiriguneetako eta auzoetako jaiak antolatzeko, zein ekintza soziokulturalak eta aisialdikoak. Horretaz gain beste hiru batzorde ere izango dira: Kirolak, Gizarte Ekintza, eta Hezkuntza eta Euskara. Desagertzen da beraz Landa Garapen, Merkataritza eta Turismo Batzordea, eta bere zereginak Ogasun, Ekonomia Sustapen eta Enplegu batzordeak hartuko ditu.

Osoko Bilkurak eguneratu egin ditu hautetsiek batzorde informatiboen eta beste organo batzuen bileretan parte hartzeagatik jasoko dituzten dietak, 18 eurotatik 35 eurotara igoko direnak. Alkateak azpimarratu zuen atzo dieta horiek igotzean erreferentziatzat hartu direla Abadiñoren antzeko populazioa duten alboko herriak. Igo da ere talde politikoei ordainduko zaien dirua, aurreko legealdiko 365 euroetatik oraingo izango dira 493 euroetara; halaber, talde bakoikotzeko zinegotzi bana 143 euro jasoko ditu, aurreko legegintzaldian jasotzen zituen 265 euroen aldean. Dieta horiek eguneratzean kontuan hartu dira Euskadiko Udalen Elkarteak bost mila eta hamar mila biztanle arteko udalerrietarako ezartzen dituen gomendioak.

Azkenik alkatearen soldata 57.272,16 eurotan geratuko da, aurreko alkateak zeukana bera, eta alkateordeak dedikazio esklusiboarekin lan egingo duenez 45.282 euroko ordainsaria esleitu zaio. Horrez gain, oposizioko zinegotzi bat ere arituko da lanaldi erdian eta 22.641 euro jasoko ditu urtean, hau da, alkateordeak jasoko duen kopuruaren erdia. - A. Salterain