BILBAO. Ermuko Udalak 774.000 euro erantsi dizkio 2019ko aurrekontuari, herrian hobekuntza proiektuak garatzeko. Udalak aurrekontuaren bigarren aldaketa onartu du.

Aldaketa Alkatearen eskumen zuzena da, urtean gehitu diren kredituek guztira ez baitute Aurrekontuaren %5a gainditzen. Diruzaintzako soberakinen bitartez finantzatzen da Aurrekontura gehitzen den diru kopurua.

Kreditu gehigarrien espedientearen bitartez Aurrekontuan sartzen diren gastuak beharrezkotzat hartzen ditu Udalak. Erakundeko arlo ezberdinek egindako proposamenak kontuan hartu dira, eta gastu puntualak dira guztiak. Proiektu horiek guztiak, edonola ere, aurtengo abenduaren 31 baino lehen amaitu beharko dira; beraz, ez dute etorkizunean gastu gehiago eragingo.

Gehitutako kopuruaren erdia baino gehiago, 428.000 euro, zehazki, Udaleko Hiria alorrak garatutako proiektuetarako erabiliko dira. Horrela, Errotabarriko haurren jolasei estalkia jarriko zaie, Ongarai Eskolako eta San Lorenzo ikastetxeko komunak hobetuko dira, LED argiak instalatuko dira herriko faroletan eta Ermua eta Eibar arteko Ego ibaiaren espazioa hobetuko da.

Toki-Garapeneko alorrak 200.571,67 euro izango diru Ermua-Mallabia OLH eraikinean hobekuntza lanak burutzeko, Izarra Centreko 5. solairua alokatzeko eta, Armeria Eskolarekin lankidetzan, industria gazteengana gerturatzeko ekintzak burutzeko.

Bestalde, Plangintza Estrategikoko eta Berrikuntzako arloak 65.000 euroko inbertsioa egingo du Midenet plataforma erosteko, Hiri Adimenduna proiektua garatzeko eta formaziorako informatikako gela bat egokitzeko, besteak beste.

Herriko gune ezberdinetan segurtasun kamerak instalatzea, Udaltzaingoaren azpiegiturak egokitzea eta herriko seinalizazioa hobetzea izango dira Hiritarren Segurtasunerako arloak landuko dituen hiru proiektu nagusiak, eta 48.000 euro izango ditu helburu horretarako.

Azkenik, Pertsonen alorrak 32.071,36 euroren truke hobekuntza eta konponketa lanak burutuko ditu, nagusiki Betiondoko musika lokaletan eta Musika Eskolan.

Proiektuen inguruko xehetasunak eta bakoitzaren kostuak dokumentu honetan kontsultatu daitezke.

Maiatzaren 21eko Osoko Bilkurako bideoa ere ikusi daiteke -4. puntua, 03:26 minututik aurrera-, aldaketen inguruko xehetasun gehiago izateko.