Asteazken honetan Laura Marron izendatu dute Inteligentzia Artifizialeko Euskal Zentroko (BAIC) zuzendari nagusi, Zuzendaritza Batzordeak iragarri duenez. Orain arte ZIV sareetarako soluzio adimendunen enpresan lan egin du, eta datozen hilabeteetan bere helburua BAICerako zerbitzuak zehaztea eta bazkide eta erakunde laguntzaile berriak sartzea izango da.

Eta gaur bertan inauguratu dira baita ere Elkartearen Bilboko Zabalgune Eraikineko bulegoak, Bilboko Udalak Adimen Artifizialaren garapena eta erabilpena bultzatzeko lankidetza-hitzarmenaren esparruan lagatako espazioari esker.

Zuzendaritza Batzordearen bilera baino minutu batzuk lehenago, BAICeko presidente Arantxa Tapiak zuzendari berria aurkeztu dio Juan María Aburto Bilboko alkateari. Egoitzaren bulegoak bisitatu ostean, hitz batzuk eskaini dizkiete BAICeko kideei eta bi dokumentu sinatu dituzte: batetik, bulegoen lagapen hitzarmena (Bilbao Ekintzak laga dizkio BAICi) eta bestetik, Euskadiko Adimen Artifizialaren Zentroaren eta Bilboko Udalaren arteko lankidetza-konpromisoa.

Bat etorriz Elkartea eratu zen unean bazkide fundatzaileek onartutako Ekintza-planarekin, datozen hilabeteetan BAIC harremanetan jarriko da proiektuan parte hartu nahi duten 100dik gora antolakundeekin, haien egoera nahiz interesak hurbiletik ezagutzeko eta Elkarteari nola atxikiko zaizkion zehazteko.

BAIC uztailaren 28an sortu zen Euskadin Adimen Artifizialaren garapena gidatu eta bultzatzeko eta, bide horretatik, "enpresen lehiakortasuna eta euskal gizartearen ongizatea hobetzeko".

Hauek dira BAIC sustatu duten erakundeak: CAF, Deusto Seidor, Euskaltel, Gestamp, Hupi Ibérica, Iberdrola, Inzu Group, ITP Aero, Mondragon Korporazioa, Onkologikoak, Petronor, Sener eta Versia. Sustatzaileen artean daude, baita ere, eragile zientifiko-teknologikoak eta prestakuntza zentroak, hala nola Tecnalia, Vicomtech eta Basque Center for Applied Mathematics (BCAM). SPRI Taldeak ordezkatzen du arlo publikoa Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren izenean.