Bilboko Udalak gogorarazi du larunbat honetan irekiko dela hutsik dauden lonjak alokatzeko laguntzak eskatzeko epea. Diru-laguntza horien bidez, udalak merkataritzako lonjen alokairutik eta errentatzaileek kobratuko dutela bermatzen duten abalen sinaduratik eratorritako gastuen zati bat ordainduko du.

Programa honek izaera esperimentala du eta Zazpi Kaleetan egingo da, bereziki Belostikalen, Goienkalen, Dendarikalen eta Artekalen negozio berriak jartzeko. Lau kaleotan laguntza mota biak eskatu ahalko dira (alokairuak eta abalak); beste hiruetan (Barrenkale, Barrenkale Barrena eta Arategizar), abalen laguntza bakarrik. Abalen ordainketa bermatzen duten finantza-entitateekin sortzen diren gastuen kasuan, dirulaguntza emateko akordio bat egin du Udalak Elkargi entitatearekin, baina beste edozein entitatetakoak izan daitezke.

Lokal hutsak aktibatzeko estrategia osagarri gisa, plan berberaren barruan eta ezelako jarduerarik baztertu gabe, lehentasuna izango dute produktu edota zerbitzu artisauak, diseinua eta izaera propioa duten bestelako ekimenak bultzatzen dituzten proiektuek, baldin eta, nolabait, orain dagoen merkataritza- eta ostalaritza-jardueraren osagarri badira. Helburua da interes bereziko erreferentziazko zona bat sortzea, erakargarriagoa izango dena, eta zonako jatorrizko jarduera berreskuratzea.

Dirulaguntzak telematikoki eskatu beharko dira Bilbao Ekintza udal sozietatearen web-orrian, esteka honetan. Epea 2023ko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean, edo aurrekontuko kontsignazioa agortu arte. Izan ere, deialdiko eskaerak jasotzen diren ordenan ebatziko dira.

Modu berean, interesdunek jardueraren negozio plan bat aurkeztu beharko dute. Hura egiteko, Bilbao Ekintzaren aholkularitza eta prestakuntza jasoko dituzte. Dagoeneko halako plan bat eginda edukiz gero, udal sozietateak berak balidatu beharko du. Hartara, informazio-zerbitzu bat eskainiko da helbide elektroniko honen bidez: comercio@bilbaoekintza.bilbao.eus.

LAGUNTZEN ZENBATEKOA

Guztira 70.000 euroko aurrekontua dago, eta beste 70.000 euro bideratu litezke, programaren onarpenaren arabera. Ematen den laguntzak honela ordainduko ditu gastuak, negozio berria dagoen kalearen arabera:

Alokairuaren kostuaren %50 lehenbiziko hamabi hilabeteetan. Gehienez, hilean 400 euro lokal bakoitzeko. (ez dira diruz lagunduko zergak, tasak, higiezin-kudeaketako gastuak, ...). Laguntza hauek Belostikale, Dendarikale, Goienkale edo Artekaleko lokalentzat dira.

Jarduerak egiten diren lokal komertzialak alokatzeko abalak sinatzearen gastuak. Gehienez, 400 euro lonja bakoitzeko. Zazpi Kaleetako edozeinetarako eskatu daiteke.

Bilboko Udalarentzat, "PLAN PILOTUA" da hau. Haren esperientzia eta emaitzak hiriko beste zona batzuetara estrapolatu litezke gero.